Lazkaoko Udalak alkatearen aurkako jaiko pintaketa gaitzetsi du, bi alderdien izenean
Lazkaoko Udalak aho batez salatu eta gaitzetsi du Felix Urkola alkatearen (EAJ) aurka igande goizaldean agertu ziren pintaketak. Udalbatzan ordezkaritza duten EAJk eta EH Bilduk izenpetu dute gaitzespen agiri instituzionala, bi taldeetako zinegotzien izenean. Lau puntuko gaitzespen adierazpena atera du gaur arratsaldean Udalak, sustengu horrekin.
Udalak alkatearen eta bere sendiaren aurkako «ekintza» gaitzetsi du, eta elkartasuna adierazi die, lehenik eta behin.
«Lazkaoko Udalak ulertzen du anonimotasunetik egindako mehatxu hauek kikiltze saiakera direla. Beraz, ezin dira adierazpen askatasunaren atzean ezkutatu», dio agiriaren bigarren puntuak.
Bestetik, mehatxuzko pintaketa hura egitea «euskal gizarteak eta lazkaotarrek bereziki eskatzen duten elkarbizitza eta normalizaziorako gutxieneko arauen kontra» doala gaineratu du udalak.
Azkenik, «pertsona ororen duintasunari zor zaion errespetua» exijitu du, eta halako gertaerak bukatzeko eskatu.
Lazkaoko alkatearen aurkako pintaketa larunbatetik iganderako gauean egin zuten, Santa Madalena auzoko errotondarantz ematen duen etxabehe bateko horman. Beste aldean du bizilekua alkateak. Felixuko herriaren etsaia esakundea idatzi, eta aldamenean jopuntu edo diana bat margotu zuten. Igande goizean bertan ezabatu zuten udal langileek.