«Segura ezagutzen ez duenarentzat proba polita da Sanson lasterketa»
Gabiriako Leharrei proban laugarren sartu zen helmugan Seguran bizi den Iker Iztueta (Ormaiztegi, 1978). Zegama-Aizkorriri begira, Segura-Zeraingo Sanson probako irteera puntuan korrikarako ...
Gabiriako Leharrei proban laugarren sartu zen helmugan Seguran bizi den Iker Iztueta (Ormaiztegi, 1978). Zegama-Aizkorriri begira, Segura-Zeraingo Sanson probako irteera puntuan korrikarako prest izango da maiatzaren 7an. Ibilbide luzean parte hartuko du.
Noiztik zabiltza mendi lasterketetan?
Kasualitatez izan zen. Ni beti mendizalea izan naiz. Bai oinez, trabesiako eskiekin, bizikletarekin… ibili izan naiz lagunekin, Pirinioetan eta Alpeetan. Lehenengo umea jaiotzeko zegoenean, denbora gutxiago neukan mendian ibiltzeko eta gero eta azkarrago ibiltzen nintzen, eta azkenean korrika bukatu nuen. Sekula ez naiz ni korrika ibili. Orain dela 7 urte hasi nintzen korrika, 30 urterekin.
Beti mendiko lasterketetan aritu zara orduan.
Bai, beti mendian. Hasieran Aizkorrikoa ez neukan buruan, baina Aizkorrikoa egiteko gai izango nintzen jakiteko Donostiako maratoia egin nuen behin. Gai nintzela ikusita, Zegama-Aizkorrin eman nuen izena. Zazpigarren aldiz egingo dut aurten.
Orain gero eta proba gehiago ari dira sortzen.
Bai. Aizkorri aurretik prestaketa bezala beste proba batzuk egiten ditut. Aurten, Antzuolakoa, Gabiriako eta Segurakoa egingo ditut. Ez neukan asmorik Segurakoa egiteko, antolakuntza lanean aritzeko, baina Gabiriakoan gustura aritu nintzen eta beharbada egin egingo dut Segurakoa ere. Aizkorrikoa egiten dudanean, lasterketak utzi egiten ditut, eta nire kasa ibiltzen naiz mendian, etxekoekin. Neguan eguraldi txarrarekin bakarrik ibiltzen naiz; eguraldi ona hasten denean, familiarekin.
Beasainen lasterketa luzeagoak badaude.
Horiek ez naute gehiegi erakartzen. Hasteko, hiru ume dauzkat eta hartzen dudan denbora, asteburuetan bi ordu izaten dira, goizean, 07:00etatik 09:00etara. Lasterketa horiek prestatzeko sei-zazpi orduko entrenamenduak egin behar dira eta nik ordu horiek denak ez diet familiakoei kendu nahi. Hainbeste denbora mendian korritzeak ez nau hainbeste erakartzen, oraingoz behintzat.
Aurten Goierrin bi proba berri daude, Leharrei eta Sanson. Goierriko Kopa ere antolatu dute. Zer iruditzen zaizu?
Lasterketak aliziente bat dira inguruko herri txiki hauek bultzatzeko. Lasterketa berri hauetan jendeak parte hartzeko Goierriko Kopa beste aitzakia bat izan dela uste dut.
Segurakoa zer moduzko proba izango da?
Oso polita. Batez ere, bi puntu polit ditu. Adibidez, Oamenditik Aizkorri aldera dauden bistak ikusgarriak dira. Larunbat arratsaldean da, gainera, eta Segura ezagutzen ez duenarentzat ezagutzeko modu polit bat da. Bertan sortuko den giroa ere polita izango da. Familia giroan etorri nahi duenak plan polita dauka. Aizkorrin parte hartuko dutenentzat entrenamendu polit bat izan daiteke. Eta parte hartuko ez dutenentzat ere bai.