SOS Siria plataformak astelehenean hasiko du bilketa
Siriako lekualdatuei laguntzeko sortu den taldeak, SOS Siriak, astelehenean hasiko du material bilketa. Materiala Urretxuko Gernikako Arbola plazako harmailen azpian dagoen biltegian jasoko dute. Astelehenetik larunbatera egongo dira bertan, 10:00etatik
Siriako lekualdatuei laguntzeko sortu den taldeak, SOS Siriak, astelehenean hasiko du material bilketa. Materiala Urretxuko Gernikako Arbola plazako harmailen azpian dagoen biltegian jasoko dute. Astelehenetik larunbatera egongo dira bertan, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Bilketa hilaren 29an bukatuko da.
Janaria latan, esne-hautsa, bandak, makuluak, gurpil-aulkiak, garbiketa produktuak, eskolarako materiala, konpresak, haur eta zaharrentzako pardelak, jostailu txikiak eta mantak jasoko dituzte. Legazpi, Urretxu eta Zumarragako ikastetxeetan eta supermerkatuetan ere materiala jasoko dute: ikastetxeetan hilaren 16tik 20ra eta supermerkatuetan ostiral arratsaldeetan eta larunbat goizetan.
Jasotakoa Valentziako portura bidaliko dute Seur fundazioaren laguntzarekin. Handik Turkiara eramango dute itsasontziz eta Siriara kamioietan helduko da.
SOS Siriak udalen eta hainbat enpresen babesa jaso du. Eskolak sentsibilizazio lana egiten ari dira eta liburutegiek bi bibliografia-gida argitaratu behar dituzte: bata Ekialde Hurbilari buruzkoa izango da eta bestea migrazioei eta erbesteari buruzkoa. Gida hauek doan banatuko dituzte Gernikako Arbolako lokalean. Plataformak Hotz Legazpiren laguntza ere eskertu nahi du.
SOS Siriak bilketa puntuko txandak betetzeko boluntarioak behar ditu. Lagundu nahi dutenek, 626 22 76 41 zenbakira deitu dezakete edo bilketa puntura joan.