Zumarragako alkateak Urkullu eta Olano ere bileran egotea eskatu du
Arantza Tapia sailburuak Arcelor Mittal enpresaren Europako zuzendaritzarekin egin behar duen bileran Iñigo Urkullu lehendakaria, Markel Olano diputatu nagusia eta Goierri garaiko lau alkateak edo beraien ordezkaritza bat ere egotea
Arantza Tapia sailburuak Arcelor Mittal enpresaren Europako zuzendaritzarekin egin behar duen bileran Iñigo Urkullu lehendakaria, Markel Olano diputatu nagusia eta Goierri garaiko lau alkateak edo beraien ordezkaritza bat ere egotea eskatu du. Serranoren ustez, lehendakaria egoteak Euskadiren ordezkaritza indartuko luke. Eskaera hau Gipuzkoako batzar nagusietan egin du.
Eusko Jaurlaritzak eta Arcelor Mittalen Europako zuzendaritzak egingo duten bileraren helburua enpresak birkolokazio proposamena atzera botatzea eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen industria planari aukera bat ematea da. Serranok bilera hau joan zen astean Luxenburgora egindako bidaiari esker lortuko dela esan du. Bestalde, Espainiako gobernuak orain arte ez duela ezer egin salatu du.
Bere ustez, inbertsio batzuk eginez gero, lantegia bideragarria da. Altzairutegia eta labea modernizatu eta ekoizpen prozesua eta zepen tratamendua hobetu behar direla uste du, horrela zepak berrerabili eta saltzeko. Alkateak enpresaren eta instituzioaren arteko elkarlanaren aldeko apustua egin du, plan bideragarri bat egiteko eta balio erantsiko produktu bat ekoizteko.