40. urteurrena dantzan
Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 40. urteurrena dantzan ospatu nahi dute Seguran. Hilabetez hilabete dantzarekin zerikusia duten ekintzak antolatu dituzte. Urriaren 15ean, txapelketaz ...
Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 40. urteurrena dantzan ospatu nahi dute Seguran. Hilabetez hilabete dantzarekin zerikusia duten ekintzak antolatu dituzte. Urriaren 15ean, txapelketaz gain, I. Dantza Eguna ospatuko dute.
Euskal Herriko dantza solteko txapelketak urteurren borobila beteko du aurten. Segurako Udalak era berezian ospatu nahi du urteurrena. Txapelketaren eguna bera, urriaren 15a, egun osoko dantza eguna izango da. Horrekin batera, hainbat ekintza ere antolatu dituzte urteurrena girotzeko.
Pasa den larunbatean, 40 urte hauetan dantza txapelketako dantzari irabazleekin batera egin zuten egitarauaren aurkezpena. Leku berezia aukeratu zuten horretarako: Euskal Herriko Dantza Txapelketaren lehenengo zazpi edizioak jokatu ziren pilotaleku zaharra.
Herritarrak dantzan
Ekitaldi horiekin guztiekin eta Dantza Egunarekin, herrian dantza giroa sumatzea nahi dute, «herritarrak ere dantza egiteko aukera izatea, plazan eta bestelako presiorik gabe», adierazi zuen Eñaut Telleriak aurkezpenean.
Hilabetez hilabete, dantzarekin zerikusia duten ekintzak sartu dituzte egitarauan.
Maiatzak 28, larunbata
Segurako Azpilla taldearen emanaldia izango da maiatzaren 28an. Bertan, Euskal Herriko dantza txapelketan parte hartu duten bikote herritarrei omenaldia egingo zaiela aurreratu du udalak.
Ekainak 18, larunbata
San Joan aurreko larunbaterako ez-ohiko emanaldia lotu dute antolatzaileek: Goierriko Bertso Eskolaren eta Ordiziako Amets Bide dantza taldearen Bertsoak dantzan ikuskari berezia.
Irailak 17 eta 18
Iraileko hirugarren asteburua ere berezia izango da. Larunbatean, Goierriko Kantu Jira eguna ospatuko dute batetik, eta hurrengo egunean, Jubilatuen eguna. Dantzaren ukitua Goierriko Erromeri Biraren saioak jarriko dio. XVI. eta XX. mendeen arteko euskal jantzien erakusketa ere antolatu dute.
Urriak 15, larunbata
I. Dantza Eguna egingo dute goizean goizetik, herritarrak jarri nahi baituzte dantzan. Besteak beste, Seguran inoiz ezagutu den polka jendetsuena eta erraldoiena egiteko erronka bota dute. Bazkaria ere egingo dute plazan.