Eitza auzoko Aste Nagusia
Eitzako Jai batzordea sekula baino indartsuago dago. Festak datorren asteburuan izango dira, baina biharko eta etzirako ere ekitaldiak antolatu dituzte. Gainera, buruhandiak egin dituzte. Eitzako Jai batzordea sekula baino indartsuago
Eitzako Jai batzordea sekula baino indartsuago dago. Festak datorren asteburuan izango dira, baina biharko eta etzirako ere ekitaldiak antolatu dituzte. Gainera, buruhandiak egin dituzte.
Eitzako Jai batzordea sekula baino indartsuago dago. Aurten inoiz baino ekitaldi gehiago antolatu dituzte. Festak datorren astean hasiko dira, baina bihar mus txapelketa egongo da, iganderako bigarren eskuko azoka eta erromeria antolatu dituzte eta asteartean haragi dastaketa egingo dute. Gainera, buruhandiak egin dituzte.
Mus txapelketa 16:00etan jokatuko dute ermitako aterpean. Zortzi erregetara jokatuko dute eta bikote bakoitzak 30 euro ordaindu beharko du.
Sariei dagokienez, irabazleek txapelak eta izen-ematean bildutako diruaren %40a jasoko dute, bigarrenek diruaren %30a, hirugarrenek %20a eta laugarrenek %10a. Txapelketa hasi aurretik opariak zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean.
Iganderako, berriz, bigarren eskuko azoka antolatu dute. Hamabi postu jarriko dituzte, San Gregorio kalean. Horietatik hamaika auzokideek jarriko dituzte eta hamabigarrena sahararren aldeko Hare Haizea elkarteak. Elkarte honetako kideek esnea, galletak, janari latak eta lekaleak eramateko eskatu dute. Postuak 10:00etatik 14:00etara egongo dira zabalik.
Arratsalderako ere ekitaldi bat antolatu dute: 18:00etan erromeria egingo dute. Auzotarrek Eneko Galdosek eta Oihane Vicentek eman duten dantza ikastaroan ikasitakoa erakutsiko dute, baina nahi duten herritar guztiek parte har dezakete.
Jaiak ofizialki hasi aurreko egunetarako antolatutako ekitaldiekin bukatzeko, asteartean haragi ezberdinak dastatuko dituzte Irrika elkartean. Dastaketa Mikel Rodriguez aditu zumarragarrak gidatuko du. Tiketak auzoko tabernetan jarri dituzte salgai, 5 euroan. Hilaren 13ko herri afarirako tiketak ere salgai daude dagoeneko: 20 euroan, auzoko tabernetan, igandera bitartean. Jaietako ekitaldi nagusiak datorren asteko ostiraletik igandera bitartean ospatuko dituzte.
Buruhandi ikastaroa Jai batzordeak, inoiz baino ekitaldi gehiago antolatzeaz gain, buruhandi ikastaro bat ere egin du. Izan ere, halako jaiek buruhandiak merezi dituzte.
Ikastaroa Mikel Ibarzabalek eman du, Eitzako Gazte Txokoan. Apirilean hasi ziren eta asteazken honetan bukatu dute. Hamabi lagunek parte hartu dute, bikoteka. Sei buruhandi egin dituzte, beraz. Ez dute esan nahi zein pertsonaia aukeratu dituzten. Sekretua da. Buruhandiak datorren ostiralean aurkeztuko dituzte, jaien hasieran.