Jokin Lizeagak eta Eva Moredak irabazi dute Sanson mendi lasterketa
Imanol Inza eta Ana Reina izan dira lehenak proba motzean
Segurako plazan hasi eta Segurako plazan amaitu da lehenengo Sanson Segura-Zerain mendi lasterketa. Proba 16:00etan abiatu da Segurako plazatik eta 19:30ean itxi dute helmugara sartzeko denbora. 195 partaide izan ditu guztira, horietatik 16 emakume, eta antolatzaileak gustura geratu dira lasterketaren lehen edizioaren martxarekin.
Jokin Lizeaga urnietarrak irabazi du proba luzea, 24,5 kilometrokoa, 1:58:11 denborarekin. Atzetik sartu dira Ismail Razga santurtziarra eta Aritz Kortabarria arrasatearra. Lehen segurarra, eta bosgarrena sailkapen orokorrean, Iker Iztueta izan da.
Emakumezkoetan, Eva Moreda malagarra izan da irabazle, 2:25:36 denborarekin. Laida Elizegi zaldibiarra izan da bigarren eta Amaia Larreategi besaidarra hirugarren.
Proba motzean –14,5 kilometro– Imanol Inza zumarragarra izan da irabazle. Ander Serrano idiazabaldarra sartu da helmugan bigarren eta Aitor Mimenza elorriotarra hirugarren. Lehen segurarra Borja Gereñu izan da.
Ana Reina irundarra izan da, bestalde, lasterketa laburreko lehen emakumezkoa. Atzetik Garazi Gomayo zaldibiarra eta Janire Agirre ataundarrak iritsi dira. Leire Arrieta izan da lehen segurarra.
Pozik agertu dira antolakuntzakoak lehen Sanson lasterketa honen amaieran. “Partaidetzagatik, alde batetik”, esan du Ekhi Albizuk, eta baita korrikalariengandik jasotako iritziengatik ere: “Ibilbide polita eta ondo antolatutako lasterketa izan dela esan digute, anoa postuak ere oso ondo hornituak eta prestatuak egon direla ere bai, eta jendeak asko animatu diztuztela ere aipatu dute”.
20:00etan egin dute sari banaketa eta gerorako antolakuntzak paella afaria prestatu du.
Hona hemen lasterketa luzeko eta motzeko partaideetako batzuen irudiak helmugara iristean.