«Errauste planta gelditu beharra daukagu, ez da onargarria arriskua»
Eñaut Agirre (Ordizia, 1990) medikua barne medikuntzako espezializazioa egiten ari da, eta OEIT Osasuna eta Errausketaren Ikerketarako Taldeko kide ere bada. ...
Eñaut Agirre (Ordizia, 1990) medikua barne medikuntzako espezializazioa egiten ari da, eta OEIT Osasuna eta Errausketaren Ikerketarako Taldeko kide ere bada. Txosten bat egin dute errauste plantak osasunean izan ditzakeen ondorien inguruan, eta orain informazio hitzaldiak antolatzen ari dira. Maiatzeko bigarren hamabostaldian Ordizian izango dira.
Osasuna eta Errausketaren Ikerketarako Taldeko kide zara.
2001. urtean sortu zuten taldea. Errauste planta Txingudin jartzea proposatu zen, eta horregatik bertan izan zen mugimendu gehiena, han hasi zen jendea mugitzen errauste plantaren eraikuntzaren aurka. Komentatu zidaten talde hori bazegoela eta ni ere animatu egin nintzen. Taldeko goierritar bakarra naiz ni, oraingoz.
Zer da zehazki egin duzuena?
Errausketaren arlo zientifikoa aztertu dugu egindako lanean. Medikuntzan errauste plantaren inguruan argitaratu diren artikulu eta lanak identifikatzeko bilaketak egin ditugu datu baseetan, eta emaitzekin txosten bat osatu dugu.
Hain zuzen ere, 2000. eta 2015. urteen artean gai honen inguruan publikatu diren ikerketak aztertu ditugu, eta sailkatu. Sailkatzerako orduan lan horien kalitatea hartzen da kontuan, altuenaren arabera sailkatu ditugu. Sailkapena egin eta kalitate handiko lanak aztertzeari ekin diogu ondoren, bertan jasotzen dituzten lanen ondorioak aztertuz.
Interesak alboratu egin ditugu, eta ondorio zehatzetara jotzen dugu. Gu ez gara politikan sartzen, jakin nahi dugun gauza bakarra da ea errauste plantak zein ondorio izan ditzakeen gizakiongan.
Errauste plantak zein ondorio eragiten dituela ikusi duzue?
Errauste planta jartzearen proposamena arriskutsua da. Ondorioak zeintzuk izan daitezkeen ikusi dugu egin dugun ikerketan, eta ikusi dugu hainbat gaixotasun agertzen direla; hala nola, minbizia eragiten duela, gaixotasun kardiobaskularrak, sortzetiko malformazioak, eta horietatik eratorriak diren beste hainbat gaixotasun.
Baina jakin al daiteke zehazki errauste plantaren partikulak direla hori eragiten dutenak?
Egindako ikerketan ondorioztatu dugu baietz, errauskailua dagoen 5-10 kilometroko erradioan eragina duela batez ere, baina horrez gain inguruetan ere eragin dezake.
Gaixotasunek gora egingo dute inguru horietan, hortaz.
Kalitatezko ikerketek erakusten dute gaixotasunak areagotu egiten dituela errauste planta bat inguruan izateak. Malformazioak gehitu egiten dira: gernukoak, bihotzekoak eta arantza bifidokoak, esaterako. Horrez gain, minbizia ere areagotzen duela azaleratu du Carlos III.a Unibertsitateak egindako ikerketa batek. Besteak beste, agerian utzi du pleurako minbiziko ondoriozko hilkortasuna bikoiztu egiten dela.
Errauste plantaren ondo-ondoan bizi ez direnei ere eragiten al die?
Bai, azkenean partikula horiek airean gelditzen dira, baina ez dakigu nora joan daitezkeen. Izan daiteke haizeak alde batera edo bestera eramatea, baino ezin da jakin zehazki. Bestalde, OME Osasunaren Mundu Erakundeak ere adierazi du ez dakitela zein substantzia sor daitezkeen errauste planta batean, ez dakite partikula guztiak zerenak diren. Agian oraindik ezagutzen ez diren gaixotasunak ere sortuko dituzte partikula horiek. Amiantoarekin ere antzeko zerbait gertatu da. Urteak pasa ostean ikusten ari da zeintzuk diren emaitza larri horiek.
Hondakinen errekuntza prozesuan sortzen diren partikulak malformazioak eragin ditzakete eta kantzerigenoak dira. Gainera, filtroetan geratzen diren partikula eta errautsak ere kaltegarriak dira.
«Ez dugu nahi errauste planta ondoan dutenak ikerketarako subjektu izatea»
«Hamar-hamabost urte behar dira errauste plantaren ondorioak ikusi ahal izateko»
«Kantzerigenoak dira hondakinen errekuntza prozesuan sortzen diren partikulak»
Baina momentuan ez dira ikusten ondorioak.
Ez, hor dago arazoa. Hamar-hamabost urte behar dira gutxi gorabehera errauste plantaren ondorioak ikusteko. Epe laburrean ez dira nabaritzen, baina hor daude, eta lehenago edo beranduago agertuko dira. Badaude errauste plantak osasunean kaltea eragiten ez duela uste dutenak ere. Adibidez, 2011. urtean egin zen ikerketa bat Bilboko Zabalgarbi errauskailuaren inguruan; ez zuten ebidentzia nagusirik ikusi, baina bost-zortzi urteko jarraipena egin zuten, eta beraz, emaitzak ez dira kontuan hartzekoak. Esan bezala, 10-15 urteren ondoren ikusten dira emaitzak, lehenago ez. Horrek kontrola zailtzen du, noski. Zailagoa da duen arriskuaz kontzientziatzea.
Egin duzuen txostenaren ondorioak gizarteari helarazi nahi dizkiozue.
Gaiaren inguruan desinformazioa dago. Ikuspuntu okerrak nagusitu dira, eta garrantzitsuenak alboratu. Ez dugu ahaztu behar beste aspektu guztien gainetik osasuna dela dagoen gauzarik eta garrantzitsuena. Baina desinformazioa dago inor ez delako arduratu ondo informatzeaz jendea. Hor dago arazoa. Guztiok dugu errauste plantaren berri, badakigu ondorioak dituela, baina ez dakigu benetan zenbatekoa den kalte hori.
Gure lanaren lehenengo fasea informatzea da, ez dugu nahi errauste planta ondoan dutenak etorkizuneko ikerketarako subjektu izatea. Ardura printzipioa da, neurriak hartu behar dira arriskua ez egoteko. 46.000 pertsona bizi dira 5-10 kilometroko erradioan. Errauste plantaren eraikuntza paralizatzea lortu beharra daukagu, duen arriskua ez da onargarria.
Eta arrisku horien inguruan arituko zarete Ordizian antolatu asmo duzuen hitzaldian.
Bai, garrantzitsua da jendeari ondorio horiek ezagutaraztea, eta horretaz hitz egitea. Egindako lanak mahai gainean jartzen ditu datuak, eta ezin dira alboratu eta beste leku batera begiratu.
Filtroek ez dituzte partikulak gelditzen?
Filtroak dituzte, baina inoiz ez dituzte partikula guztiak xurgatzen. Gasa, metal astunak, dioxina, furanoa, mikro-partikulak… Beti pasatuko da zerbait. Filtroek zuloak dituzte, eta bertatik ihes egiten dena ezin da kontrolatu. Hala demostratu du literatura zientifikoak.
Guztiontzat da kaltegarria.
2002-2004 urte inguruan Eusko Jaurlaritzak onartu zuen errauste plantak minbizia areagotzen zuela, eta orain ere areagotzen du. Bide horretan goaz, partikulak isurtzen dituzte, baina ez dakite nora iritsiko diren partikula horiek, eta hor dago arazoa. Hori ezin da kontrolatu.
Zer dio Europak?
Europa mendebaldean esaterako ia ez dira errauste planta gehiago eraikitzen, ohartuta daudelako kaltegarriak direla. Erabilera ere murrizten ari dira herrialde asko. Beste batzuetan ez dira ohartu oraindik duen kalteaz. Hala nola, Errumania eta Hungarian errauste plantak egiten ari dira, baina herrialde horiek izan behar ditugu guk eredu? Nik uste dut ezetz. Beste aukera batzuk izan behar ditugu eredutzat.
Zaborren tratamenduan sei maila omen daude. Zer da hori?
Esan genezake sei direla hondakinen tratamenduan dauden mailak. Azkeneko mailan, okerrenean, dago mugarik gabe zaborrak botatzea, inolako sailkapenik egin gabe. Errauste planta erabiltzea hondakinak erretzeko bosgarren mailan dago. Hori dio Europako Batasunak. Pentsatzeko modukoa dela uste dut.