UGLE eskolak antolatuta, Goierri garaiko bost ekintzailek beren esperientziaz hitz egin dute Legazpin .Ikasleen artean ekintzailetasuna bultzatzea da egitasmoaren helburua
Maiatza ekintzailetasunaren hilabetea da Europan. Hori dela eta, Ekintzaile Eguna ospatu zuten ostiralean Legazpin, Ugle eskolak antolatuta eta udalaren laguntzarekin. Pello Biain irakasleak gidatu zuen saioa, eta Goierri garaiko bost ekintzaile gonbidatu zituzten: Eneko Maiz (diseinu grafikoa), Alberto Bezunartea (eraginkortasun energetikoa eraikinetan), Dani Zufiaurre (Zuman mantenua), Inma Hernandez (Atzegi) eta Aritz Cantero (Bizi Biziki). Bakoitzak bere esperientziaren berri eman zuen.
Gazteen artean proiektu eta ideia propioak ekitearen eta garatzearen kontzientzia piztea izan da Ekintzaile Egunaren helburua. Horretarako, profil ezberdinetako ekintzaileak gonbidatu zituzten, ikasleak identifikaturik sentitzeko, eta haiek ere beren proiektuak garatzeko pausoa ematera animatzeko. Ostiraleko ekitaldia bukatutakoan, oroigarri bana eman zieten bost parte hartzaileei.
Azoka teknologikoa
Bestalde, ostiralean Bizitek azoka teknologikoa egingo dute Legazpin, Euskal Herria plazan, 17:30etik aurrera. Gizarteari teknologia aukerak gerturatzea da helburua, «modu errazean, praktikoan eta parte hartzailean». Egizu zuk zeuk! lemapean, gazteek zein helduek azokan modu aktibo batean parte hartzea nahi dute antolatzaileek. UGLEk eta Legazpiko Udalak antolatu dute azoka, elkarlanean.
Alor ugari landuko dituzte ostiraleko azokan. Besteak beste, goitibehera baten eta kotxe baten aurrealdeekin muntaiak egiteko aukera izango da. Formula 1 auto txiki bat nola eraikitzen den ikusteko aukera ere izango da, baita auto horrekin lasterketa batzuk egitekoa ere.
Ortoprotesikoetako teknologia ezagutzeko okasioa ere izango dute parte hartzaileek: hiru dimentsiotako eskanerrak egin, protesi ezberdinak ikusi… Mekanizatuari dagokionean, motore pneumatikoetako piezak nola egiten diren erakutsiko dute, esaterako.
Lehiaketa bat ere egingo dute, ea kirola eginez nork sortzen duen energia gehien. Modu horretan, energia berriztagarriek nola funtzionatzen duten erakutsiko dute, baina modu aktibo batean. Azkenik, azokara joaten den edonori, 3D inprimagailu batean inprimatutako oroigarria emango diote.