Eskolako Agenda 21 egitasmoaren barruan elikadura jasangarria landu dute Jakintza, Oinguren eta Urdaneta ikastetxeetako ikasleek. Jorratutako gaiaren inguruan 16 konpromiso aurkeztu dituzte.
Eskolako Agenda 21eko entzunaldia ospatu zen atzo Ordiziako udaletxeko Batzar Areto nagusian. Bertan izan ziren Urdaneta, Oianguren eta Jakintza ikastetxeetako ikasleen ordezkariak. Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkatea eta Agenda 21eko zinegotzi Angelica Moreno ere bertan izan ziren.
Ingurugiro arazoetaz kezkaturik, zortzi urte daramate ikasle, irakasle eta hezkuntza komunitateak Eskolako Agenda 21 programaren bidez lan egiten.
Ikasleek, kurtsoan zehar egindako hausnarketak eta ateratako ondorio, proposamen zein konpromisoak, udal entzunaldian aurkeztu zituzten atzo herriko alkate eta Agenda 21eko zinegotziaren aurrean. Honakoek, interesgarritzat jo dituzte ikasleen hausnarketak eta elkarlanerako prest agertu dira.
Elikadura jasangarria
Aurtengo erronka, gaur egun gure gizartean pil-pilean dagoen gaiari heltzea izan da, elikadura jasangarria: elikagaien jatorria, elikadura eta bertako produktuen garrantzia, elikadura eta hondakinak, elikadura eta osasuna, elikadura eta gosea…
Diagnostikoa egiteko hainbat bisita eta irteera egin dira herriko azpiegitura eta dendetara. Inkestak ere egin dituzte eta baita udalerriko eta eskualdeko datu ezberdinak aztertu ere.
Proposamenak
Ikasleen ordezkariek hainbat proposamen aurkeztu dituzte: urtaro bakoitzean fruta dastaketa antolatzea azoka egunean, urtaro bakoitzaren hasieran bertako eta sasoiko frutaren informazioa zabaltzea udalak, aiton-amonen garaiko sukaldaritza zabaltzeko hainbat tailer antolatzea, herriko egoitzetako janari soberakina banatzeko proiektu bat martxan jartzea, auzokonposta guneen inguruko informazio gehiago luzatzea, supermerkatu edo dendetako soberakinak edo saldu ezinak bideratzeko planen bat egitea, herriko berdeguneetan erleentzako landare ezberdinak landatzea, kristalezko erlauntza bat jartzea eta hazi nahiz landare naturalen erabilpena bultzatzea.
KONPROMISOAK:
· Hamaiketakoan bertako eta garaiko fruta dastaketa egitea.
· Hamaiketakoan berrerabiltzen diren bildukinak erabiltzea.
· Eskolako baratzean kontsumo urriko barazkiak ereitea.
· Uzta jaso ondoren dastatze saio bat antolatzea.
· Litxarrerien kontsumoa murriztea.
· Litxarreriak kontsumitzean etiketetan erreparatzea.
· Janaria sobratzen bada hurrengo egunerako uztea.
· Behar den janaria baino gehiago ez erostea.
· Platerean jango dena baino gehiago ez botatzea.
· Organikoa baserrira eramatea edo konposta egitea.
· Eskolako baratzean edo inguruan erleentzako landareak jartzea.
· Erlerik ez hiltzea.
· Erle asiatikoa ikusitakoan abixua pasatzea.
· Erle asiatikoaren inguruan informazioa eskatzea.
· Eskolako baratzean hazi eta landare naturalak erabiltzea.
· Hazi eta landare naturaletatik datozen janariak kontsumitzea.