«Orain gaude ziza garaian bete-betean, baina aurten gutxi daude hemen»
Ataunen jaioa (1933ko azaroak 27) eta hazia, Ordizian bizi da aspaldidanik Patxi Aierbe. Jarraitzen du, hala ere, jaioterrirako joerarekin, eta makina ...
Ataunen jaioa (1933ko azaroak 27) eta hazia, Ordizian bizi da aspaldidanik Patxi Aierbe. Jarraitzen du, hala ere, jaioterrirako joerarekin, eta makina bat bidaia egiten ditu bertara, perretxiko garaian bereziki. Zizak, onddoak, gibelurdinak, senderuelak… non bildu ondo asko daki ataundarrak.
Perretxikozale petoa zara.
Hala da. Denbora librea Ataun eta Altsasu aldean egiten dut, perretxiko bila.
Zein gustatzen zaizu gehien?
Ziza eta onddoa, baita gibelurdina ere. Senderuela, ziza horia eta nikaloa ere jaten ditugu. Hemengo klaseak dira guztiak.
Orain ziza garaia da.
Bai, udaberrian gaude eta. Hemengo denboraldia maiatzarekin bukatzen joango da. Gero goiko zizak etorriko dira, Altsasu eta Urbasa aldekoak. Oraintxe da garaia zizatarako, baina oso gutxi dago hemen.
Nola doa denboraldia?
Txarra. Eguraldiak ez du laguntzen. Hotza egin du ziza hasi behar duenean, eta euri gehiegi. Zizak euri gutxi behar du, azalekoa da eta. Bi egunetik behin zaparrada bat, eta eguzki piska bat ere bai, tarteka.
Abenduan ere izan ziren.
Nik urtero hartzen ditut abenduan. Zizatoki batek garai horretan ematen du, Ataunen. Lehen gehiago nituen, zortzi bat, baina galdu egin dira. Batzuek esaten dute neguko zizak eguzkipean goxo-goxo egondakoak izango direla, baina ez da horrela. Ni bilduta nago udazken-neguan zizak lurrean bertan izoztutakoak. Haiek han ez zeuden ba toki goxoan! Desizoztu, eta ederrak zeuden jateko!
Zizatokiak galtzen ari direla esan duzu. Zer gertatzen da?
Ganadu asko ibiltzen da larreean, eta zizak dauden lurra puskatu egiten dute hankekin, baita ardiek ere. Bere kasa ere galtzen dira. Perretxikoak hartzeagatik, berriz, ez da galtzen, ez da agortzen. Zizatokia leku zikinean baldin badago, ez da sasia puskatu behar, ez da aizkorarekin edo igitagiarekin ibili behar, eskuekin bakarrik kendu behar dira larreak.
Non egoten dira zizalekuak?
Zelaian. Zizak badaude, belarra ilunagoa egoten da, eta ilargi erdiaren forma izaten du. Zizatokia zelaian gora mugitzen da , urtean 5-6 zentimetro. Bideren bat harrapatzen badu, galdu egiten da, baita arkaitz tokia edo pareta harrapatzen badu ere. Baserritarrek zelaian minerala edo ongarria botatzean ere galdu dira batzuk. Kantitatea galdu da!
Zaindu egiten al dituzu zuk?
Batere ez. Batzuek esaten dute esnea botatzea ona dela, baina nik ez diet ezer botatzen. Ahal den gutxiena ukitu behar dira.
Berriak sortzen al dira?
Ez. Galtzen ari da ziza hemen. Garai batean nik Ataun inguruan ehunka zizaleku neuzkan, eta gaur dozena bat bakarrik.
Zizak biltzeko unerik aproposena zein da?
Ni goizean goiz ibiltzen naiz.
Perretxikoak biltzeaz gain, saldu ere egiten dituzu.
Bildu eta jan. Biak gustatzen zaizkit, gehiena, ziza. Saldu ere egiten ditut, Ordiziako azokara eta jatetxeetara. Garai batean ziza asko jaso eta saldu nituen.
Garai batean esan duzu. Noiztik ari zara zizatan?
Zizatarako afizioa 16 bat urte nituela hartu nuen. Baserritik elizarako bidean, Aste Santuko funtzioetara gindoazela, baztarrean ziza handi bat ikusi eta hartu genuen. Ona zen ere ez genekien, baina usain ona zuen eta jan egin genituen hura eta ondoan zeuden besteak. Handik hasi nintzen zizatarako afizioarekin. Harrezkero beti zizatan eta perretxikotan nabil.
Ataunen, eta non gehiago?
Altsasuko mendietan. Lehen oinez joaten ginen onddo bila, zaldiarekin edo astoarekin. Bi ordu joan, beste bi ordu etorri. Egun batean hiru lagunen artean 88 kilo bildu genituen.
Eta gero, saldu.
Ataungo jendea Irungo feriara joaten zen onddoak saltzera eta gu ere hasi ginen. CAFekoak lanera eramateko autobusa hartu goizean, eta gero CAFetik Ordiziako estaziora. Handik, trenean Irunera, eta buelta. Eta 14:00etako autobusa atzera hartu eta Ataunera. Ondo saltzen ziren onddoak, frantsesei. Hemen, garai hartan perretxikoak ez zeukan gaur egungo estimazioa. Etxera eramanda ere, amak esaten zigun olioa garesti zegoela perretxikuak prestatzeko, eta ez eramateko.
Orain Ordizian saltzen dituzu.
Bai. Mikel Lasari saltzen dizkiot, eta hark saltzen dizkio gero publikoari. Jatetxeetara ere eramaten ditut, batez ere Altzagaratekora.
Ez al dira garesti saltzen, zizak batez ere?
Oraintxe oso altu ere ez daude (24-42 euro kiloa). Egon dira altuago, 200 eurotan edo. Mikelek 160 euroan pagatu zidan neri. Baina prezio horiek oso gutxi dagoenean ordaintzen dira, eta hemengoak direnean. Oraingoak kanpokoak dira.
Txakur bat izan omen zenuen perretxikotan laguntzen zizuna.
Egia da. Oraingoa ez da horrelakoa, lehengoa bai, Muski. Zizak usaintzen zituen, eta onddoak edo gibelurdinak ahoan hartzen zituen eta non hartu zituen erakusten zidan gero.