San Isidro jaiak ospatuko dituzte asteburuan Eitzaga auzoan
Asteburu honetan San Isidro jaiak ospatuko dituzte Zumarragako Eitzaga auzoan. Aipatzekoa da ostiralean bizilagunek egindako buruhandiak aurkeztuko dituztela. Sei egin dituzte eta horietako bat oso berezia da. Buruhandiak 18:00etan aurkeztuko
Asteburu honetan San Isidro jaiak ospatuko dituzte Zumarragako Eitzaga auzoan. Aipatzekoa da ostiralean bizilagunek egindako buruhandiak aurkeztuko dituztela. Sei egin dituzte eta horietako bat oso berezia da.
Buruhandiak 18:00etan aurkeztuko dituzte. Ordu berean, txotxongilo tailerra eta txokolate-jana egongo dira. 19:00etan Jai batzordearen taberna irekiko dute eta suziria piztuko dute. Ondoren, trikipoteoa egingo dute auzoko bi trikitilarirekin: Uxue Kerejeta eta Andoni Oruesagasti. Nahi dutenentzat sardinak eta sagardoa egongo dira, euro baten truke. 21:15ean herri afaria egingo dute, bertso eskolako kideek alaituta. Bukatzeko, elektrotxaranga batek auzoko kaleak girotuko ditu.
Larunbatean ere makina bat ekitaldi egongo da. Goizari dagokionez, 10:00etan 13 eta 14 urteko gaztetxoentzako zumba ikastaroa egongo da eta 12:00etan toka txapelketa eta pilota jaialdia hasiko dira. Arratsaldean ere kirola izango da nagusi: 16:30ean herri krosa izango da eta 18:30ean herri kirol desafioa.
Bi desafio antolatu dituzte. Batean, Aranberri aita-semeek Joxe Ugarteburu eta Joxe Mari Esnaolarekin neurtuko dituzte indarrak. Bestean, giza proba taldeak eta Sergio Chao korrikalariak parte hartuko dute.
Chao bi aldiz igoko da Antiora eta giza proba taldeko zortzi lagunek 25 metroko 45 plaza egingo dituzte 970 kiloko harriarekin. Eitza tabernatik pilotalekura joango dira, aldapan beraz.
Rock jaialdia
20:30ean, berriz, Zarraparraz taldeak antolatutako rock jaialdia egongo da ermitako aterpean. The Lookers, Biscuit, Pow Pow Pows eta Menphis Mafia taldeek joko dute.
Igandean ere makina bat ekitaldi egongo da. 10.00etan txistulariek joko dute eta 10:30ean Zuhaitzaren Soinua taldeko txalapartariek. 11:00etako mezan Goiargi abesbatzak abestuko du eta 12:30ean musika bandak joko du. 13:00etan eta 17:00etan Irrintzi taldearen Dantzari Txiki egunean parte hartuko duten haurrek Eitzagan dantzatuko dute. Bukatzeko, 18:30ean kalejira egingo dute Legazpiko Alaitasuna errondailarekin eta 20:00etan Acordes Navarros taldeak Nafarroako jotak abestuko ditu.
Jaiak ostiralean hasiko dira ofizialki, baina aurreko egunetarako ere makina bat ekitaldi antolatu dituzte. Larunbatean mus txapelketa jokatu zuten eta igandean bigarren eskuko azoka eta erromeria egon ziren. Atzo, berriz, haragi eta ardo dastaketa egin zituzten auzoko Irrika elkartean. Mikel Rodriguez zumarragarrak egin zituen gidari lanak.