Semaforoa jarriko da Filipina kaleko 22an
Oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurri berriak ezarriko dira Ordizian. Trafikoa lasaitzeko badaezpadako neurriak izango dira. Aurten auzoz auzo herritarrekin egindako bileren ondoren azaldutako eskaerei erantzunez, abiadura mugatzeko neurri nagusia Filipinak kaleko 22 zenbaki parean jarriko den semaforo finkoa da. Trafiko handiko gunea da hau, N-1etik datozenentzako sarbidea bait da. Puntu honetan, 30 kilometroko abiadura gaindituz gero, semaforoa gorri ipiniko da eta ibilgailua gelditu egin beharko da kolorea aldatu arte. Semaforoa ekainean ipiniko da.
Majori 6 parean oinezkoek bidea zeharkatzean botoia sakatu eta gorri jartzen den semaforoa jarri nahi da. Kasu honetan, Udalak eskariari dagokion tramiteak abian jarri ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko luke semaforo hau, errepide honen ardura berari dagokio eta. Udalak gogora ekarri nahi du, hemendik gertu, Orkli lantegi parean, badela semaforoa eta abiadura motelean ibili behar dela inguru honetan, lantegiez gain etxebizitzak ere badaudelako.
Azkenik, radar mugikorra ibiliko da Ordizian hilean behin. Maiatzaren 18an ibiliko da lehenengoz eta kanpaina informatiboa egiteko izango da. Abiadura gainditzen dutenak geldiarazi eta ohartarazi egingo dituzte. Hurrengo egunean berriz, hilaren 19an, abiadura muga errespetatu ezean isunak jarriko dira.