Udalak onartutako desanexio espedienteak zehazten dituen baldintzetan, desanexioarekin ados dauden ala ez galdetuko diete herritarrei. Ez da loteslea izango.
![Garikoitz Aiesta alkatea, desanexio espedientea sinatzen. / Arg.: Aimar Maiz](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/05/EZKIO_ITSASOKO_UDALBATZARR.jpg)
Garikoitz Aiesta alkatea, desanexio espedientea sinatzen. / Arg.: Aimar Maiz
Itsaso Bherria talde eragileak bultzatuta, Itsason herri galdeketa egingo dute. Udalak aho batez onartutako desanexio espedienteak jasotzen dituen baldintzetan,
desanexioa nahi duten ala ez galdetuko diete itsasoarrei.
Galdeketa ez da loteslea izango. Hala ere, Imanol Lasa diputatuak konpromisoa hartu du kontsultaren erantzuna baiezkoa izango balitz Itsasoren desanexioa onartzeko. “Legeari dagokionez ez dago eragozpenik desanexioa onartzeko, eta gainera ekonomikoki ere bideragarria da”, adierazi du.
Galdeketa egingo dutela ziurra da, baina
bi gauza geratzen dira zehazteko: data eta galdeketa zein erakundek egingo duen. Foru Aldundiak Ezkio-Itsasoko Udalari proposatu dio galdeketa bere gain hartzeko. Dena den, udalak galdeketa bere gain hartuko ez balu, Aldundia prest agertu da galdeketa egiteko. Datari dagokionez,
ekainaren 26a proposatu du Aldundiak.
Itsaso Bherria talde eragilea eta udala
Aldundiarekin bilduko dira, galdeketa egitea noren eskumenekoa den zehazteko, eta behin betiko data erabakitzeko.
Ezkio-Itsasoko Udalak martxoaren 16an onartu zuen Itsaso udalerri izateko desanexio espedientea. Ezkioko ordezkarien, Itsaso Bherria talde eragilearen eta udalaren arteko adostasunarekin osatutako banaketa espedientea da, eta orain
Foru Aldundiaren eskuetan dago. Hark du eskumena desanexio eskaera onartu edo ez erabakitzeko.
Apirilaren 4tik (espedientea jaso zuen eguna)
hiru hilabeteko epea du Aldundiak ebazpena emateko, baina epe hori eten egin zen maiatzaren 4ean, Aldundiak udalari herri galdeketa egitea proposatu zionean. Kontsulta egiten denean amaituko da etenaldia. Udarako prozesua amaitzeko asmoa agertu du Lasak.