WhatsART gazteen eta artearen arteko zubia
Donostia 2016aren barruko egitasmoa da WhatsART. Gipuzkoako hamaika eskualdetako 15 eta 18 urte bitarteko 54 gazte ari dira ekimenean parte hartzen, tartean, ...
Donostia 2016aren barruko egitasmoa da WhatsART. Gipuzkoako hamaika eskualdetako 15 eta 18 urte bitarteko 54 gazte ari dira ekimenean parte hartzen, tartean, Beasain Institutu Publikoko bederatzi ikasle. Hain zuzen, gazte horiek proposatutako erronkei erantzun bat ematea du helburu egitasmoak: «Ekimen honetan gazteen arazoak, egoerak eta artea lotu nahi dira. Hau da, artearen eta sorkuntza kolektiboaren bitartez, nerabeek proposatutako erronkei erantzuna ematean datza», argitu du Aloña Zubeldia institutuko irakasleak.
Goierrin egitasmo honetarako Beasaingo institutua aukeratu izana ez da kasualitatea izan. Miren Matias ikasleak esan duenez, «batxilergo artistikoa dugulako eta eskualdeko ikastetxe handiena delako» aukeratu dute. Ekimenean parte hartu ala ez, ikasle bakoitzaren aukera izan da. Zubeldiak dioenez, «artearekin zerikusia duten ikasgaiak dituzten taldeei aurkezpen hitzaldi batera joatekoa gonbitea luzatu zitzaien. Bileraren ondoren ikasle bakoitzak aukeratu zuen izena eman ala ez, eta zein taldetan».
Prozesu parte-hartzailea
Guztiarekin, prozesu parte hartzaile bat garatu dute. Lehenengo fase batean, nerabeek euren bizitzaz, dituzten arazoez eta kezkez hausnarketa egin dute. Hausnarketa saio horietako lehenengoa Beasainen egin zuten apirilaren hondarrean: «Ederki joan zen saioa. Gustura egon ginen eta proiektuari hasiera polita eman genion» zehaztu du Andrea Perezek, ikasleetako batek.
Orain, bigarren fasean, hausnarketa prozesutik ateratako gaiei erantzun bat emateko «gure ideiak eta pentsaerak azaldu eta horrekin arte lan bat egitea» izango da hurrengo lana, Ainhoa Sarasola ikaslearen hitzetan. Horretarako tailer gehiago prestatzen ari dira orain, Miren Matiasek esan duenez, «artearen arlo ezberdinak landuko ditugu, bukaeran artelan egokiena guztion artean aukeratzeko».