Iker Santxo lazkaotarrak irabazi du Zaitegi itzulpengintza saria
Arrasateko Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketako lehenengo saria Iker Santxo idazle eta irakasle lazkaotarrak irabazi du. AED Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko sariketaren epaia gaur jakinarazi dute. Svetlana Aleksievitx idazle bielorrusiarraren Gerrak ez dauka emakume aurpegirik kronika-liburua euskaratuko du, sariaren ordainarekin, Santxok. Iaz Nobel literatura saria irabazi zuen Aleksievitxek, lan horrekin. Elkarrek 2017 hasieran aterako du itzulpena.
Iker Santxo Intsausti (Lazkao, 1975) Eslaviar Filologian lizentziaduna da, eta Itzulpegintzan doktorea. Moskuko Lomonosov unibertsitatean euskara irakasle izan zen. Gaur egun, EHUren Letren Fakultatean, Gasteizen, itzulpegintzako irakaslea da. Andrei Platonov-en Lubakia eta Sergei Dovlatov-en Konpromisoa euskarara ekarriak ditu, lehenago.