Jardunaldi bat antolatu dute Hegoamerikan eolikoen sektoreak dituen aukerak erakusteko helburuarekin. Goierriko hamasei enpresek parte hartu dute Gamesakoek gidatutako bileran.
Manu Uribarrik, Gamesa enpresako Hegoamerikako erosketen zuzendariak, Get Goierri taldearekin pasa zuen eguna joan den ostegunean. Eolikoen sektorean lan egiten du enpresa horrek, eta Goierrira egindako bisita, Get Goierriko kideek Mexikora egindako hainbat bidairen ondorio da, bertan kokatuta baitago. Hornitzaile berrien bila ari da Gamesa, eta Goierriko industriaren gaitasunak ezagutu nahi izan ditu.
Get Goierri taldeak, sektore metal-mekanikoan diharduten 220 enpresa sarearen gaitasunak aurkeztu zizkion. 15 kilometroko azaleran, ingeniaritza, forja, fundizioa, galdaragintza, mekanizazioa, elektromekanika, tratamendua, muntaketa eta mantenimendua daude. Gamesak dituen beharrak asetzeko gaitasuna duten bailarako bost enpresa bisitatu zituen Uribarrik.
Indar handiko bailara
«Goierrin dagoen tradizio industriala handia da eta enpresek indar izugarria dute. Goierriko enpresa txikiek etorkizun handia dute». Horiek izan ziren Manu Uribarriren hitzak.
Bisiten ondoren,
Hegoamerikan eolikoen sektorerako aukerak izeneko jardunaldia burutu zuten. Eskualdeko hamasei enpresa bertaratu ziren. Gamesaren aurkezpena egin zuen Uribarrik, eta gaur egun dituzten aurreikuspenak zein diren azaldu zien bertan bildu zirenei.
Hornitzaileekin elkarlanean aritzen den enpresa dela garbi utzi zuen: «Hornitzaileak balio erantsi handia eskaini diezaioke Gamesa bezalako enpresa bati, prozesuaren eraginkortasunerako soluzioak emanaz» .
Hegoamerika, aukera bat
Goierriko enpresek Hegoamerikan dituzten aukerez ere aritu ziren. «Bezeroen dibertsifikazioa bilatu behar duzue, zoazten merkatura zoaztela, horrek egingo zaituzte indartsu» ezan zuen.
Bailarako enpresa baten hitzetan, «eskualdetik mugitu gabe halako bezero potentzial bat gurera gerturatu eta aukerak ikustaraztea ikaragarria da».