Gure Esku Dagok ekainaren 5eko galdeketan parte hartzera deitu du
Urretxu eta Zumarragako Gure Esku Dago (GED) ekainaren 5eko galdeketa prestatzen ari da jada eta bihar mahai-ingurua egingo du giroa berotzeko. Jon Maia bertsolariak eta Ainhoa Etxaide eta Jesus Uzkudun
Urretxu eta Zumarragako Gure Esku Dago (GED) ekainaren 5eko galdeketa prestatzen ari da jada eta bihar mahai-ingurua egingo du giroa berotzeko. Jon Maia bertsolariak eta Ainhoa Etxaide eta Jesus Uzkudun sindikalistek parte hartuko dute. GEDk prentsaurrekoa eman zuen atzo mahai-inguru hori eta ekainaren 5eko galdeketa aurkezteko.
Mahai-ingurua Zumarragako Zelai Arizti aretoan egingo dute, 19:00etan. Ekitaldiaren izenburua Erabakitzeko eskuBIDEA, zergatik? da. Jon Maia bertsolari eta gidoilariak, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eta CCOOko Jesus Uzkudunek parte hartuko dute. Moderatzaile lana Miriam Luki Goierriko Hitzako kazetariak egingo du.
Aldez aurreko bozketa
Aipatzekoa da ekainaren 5ean herrian egongo ez direnek astelehenetik aurrera GEDren lokalean bozkatzeko aukera edukiko dutela: hilaren 23, 26 eta 30ean eta ekainaren 1ean 19:00etatik 20:00etara eta hilaren 28an 12:30etik 13:30era. GEDren lokala Zumarragako Kalebarrenen dago.
Atzoko prentsaurrekoan bozka egunaren nondik norakoak ere azaldu zituzten. Urretxuarrek bi tokitan bozkatu ahal izango dute eta zumarragarrek bost lekutan. Urretxuko bozketa puntuak Kahunas (Labeaga) eta Arrieta (Ipeñarrieta) izango dira.
Zumarragarrek Sekundino Esnaola kalean (Eroski Bidaiaken ondoan), Iparragirre hiribidean (Izasun kafetegiaren ondoan), San Gregorio 19 eta 21 artean dagoen lokalean, Leturiatarren plazan (Oñatibia botika zegoen tokian) eta GEDren lokalean eman ahal izango dute botoa.
16 urtetik gorako bizilagun guztiek eman ahal izango dute botoa, bakoitzak erroldatuta dagoen herrian. Horretarako, NANa, pasaportea edo gidabaimena aurkeztu beharko dute. Hauek iraungita dituztenek, errolda baimena aurkeztu ahal izango dute.
Galdeketa Euskal Herriko 34 herritan egingo da (Goierriko guztiak, barne). Galdera honi erantzun beharko diote: Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan? Hiru erantzun posible egongo dira: bai, ez eta zuria.
Galdeketa prestatzeko laguntza beharko dute. Hori dela eta, bilera deitu dute gaurko: 19:00etan, Urretxuko Aizpurunea kultur etxean. Herritar guztiei gonbitea luzatu diete.
Atzoko prentsaurrekoan galdeketaren garrantzia azpimarratu zuten. «Ez da ekitaldi xume bat. Asko dago jokoan. Hau ez da inoiz egin. Ez dugu zer nahi dugun erabakitzeko aukerarik izan. Ez du balio legalik, baina irudikapen bat baino gehiago da: ariketa demokratiko bat da».