Herriko zenbait tokitan janontziak jarri dizkiete, pentsuarekin. Kaleko katuak hartu, antzutu, gaitzen aurka antibiotikoa eman eta ahal direnak adopzioan utziko dituzte. Tratu duina da xedea

Kalean bizi diren katuen elikadura, zaintza eta ugalketa kontrolatuko dituen Lau Katu elkartea sortu dute, animaliazale batzuek, Lazkaon. Beste herri batzuetako esperientzia aplikatuko dute, kaleko katuek edo haiei jana botatzeak sorrarazten dituen arazoak saihesteko, eta, batez ere, animalia horiei tratu duina emateko.
Lehendik urte askoan norbere kabuz antzeko lanean aritu diren animaliazaleek eratu dute Lau Katu, sare sozialen bidez lotura eginda. «Orokorrean animaliak maite ditugu, eta bereziki katuak. Kontrola arazo bat da: pozoituta agertzen dira, bizilagun batzuk kexaka dira beste batzuek janaria botatzen dietelako, zikinkeria…», dio Lau Katuko kide batek.
Bi jarduera-eremu ditu elkargoak. Elikatzeko modu kontrolatua ideiatu dute, janontziak herrian zehar jarrita. Bestetik, katuak hartu, antzutu, antibiotikoa eman, eta kopurua kontrolatuko dute. «Ez genekien zenbat katu zeuden Lazkaon, ez non dauden. Udalarekin ere egon gara».
Bazkide egiteko aukera
Elkartea hedatze bidean dago. Asteotan kalean kartelak itsatsita Lau Katuren bazkide izateko deialdia egin dute. Hilean 5 euro ordainduta lagundu daiteke. Interneten Teaming gunearen bidez egin daiteke bazkide (
teaming.net/laukatulazkao).
Beste egiteko bat, kaleko katuen populazioa neurtzea eta gehiegira joan ez dadin mugatzea da. «Antzutu egiten ditugu katuak, nola barrutik, hala kanpotik. Antzututakoei belarrian marka bat egiten diete; arrei ezkerrean, emeei eskuinean. Lasaitu egiten dira katuak antzututa, ugalketarako beharrik ez dutenez, ez dute hotsik ateratzen».
Mantsoak eta lagunkoiak diren katuak adopzioan ematen saiatzen dira, bestetik, Lau Katukoak. Birusen, gaixotasunen eta parasitoen aurka tratamendua ematen diete, jare egin aurretik. Bi albaitariren laguntza borondatetsua dute horretarako.
Janik ez botatzeko deia
Elkarteak janontzi batzuk egin eta utzi ditu, Lazkaon. Santa Madalena aldean, San Prudentzion bi, San Josen beste bi… Pentsua jartzen diete, eta sarri-sarri begiratzen dituzte kideek. Garbitasuna mantentzen dute, horrela.
Hein berean, katuei janaririk ez zaiela bota behar ohartarazi dute Lau Katukoek. «Kaltea besterik ez zaie sortzen horrela». Herritarrengan oraindik kontzientzia falta dela sumatu dute.