Tibur Agirre: «Ogiaren tradizioa ezagutzera emateagatik eman didate saria»
Euskadiko Ogiaren Lagunok elkarteak saria eman dio Tibur Agirre legazpiarrari. Igaralde baserrian duen Ogiaren Txokoan egiten duen lan didaktikoagatik saritu dute.
Zein sari eman dizute, eta nolatan?
Astelehenean San Honorato eguna izan zen, okinon patroia. Euskadiko Ogiaren Lagunok elkarteak egun horretan ekitaldia egiten du urtero, eta Ogiaren Laguna izeneko saria ematen diote norbaiti. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarteek osatzen dute Euskadikoa, eta Gipuzkoako elkarteak Ogiaren Txokoari saria ematea proposatu zuen aurten. Euskadiko Ogiaren Lagunok elkarteak proposamena onartu, eta halaxe eman didate saria.
Zer da zehazki saritu dutena?
Egiten dudan lan didaktikoagatik eman didate saria, ogiaren tradizioa mantendu eta ezagutzera emateagatik. Sariak ez du zerikusirik nire ogiaren kalitatearekin, Ogiaren Txokoan egiten dudan lanarekin baizik.
Pozik hartu duzu?
Bai, noski. Dena den, saria nik jaso arren, sari honen atzetik jende asko dago. Esaterako, nire gurasoak, Kruz eta Agustina: haiek izan ziren labea mantendu eta ogia egiten jarraitu zutenak. Bestalde, Ogiaren Txokoaren atzean Lenbur Fundazioaren lana dago.
Igaralden noiztik egiten da ogia?
Betidanik. Garai batean baserri guztietan egiten zen ogia. Nire gurasoak tabernara saltzen hasi ziren, han ogi gabe geratzen zirenean. Eta gero legazpiar batzuk ere hasi zitzaizkigun erosten, gustatu egiten zitzaielako. Orain ere, saltzen dudana bezero jakin batzuei saltzen diet, aurretik eskatuta. Azokara ez naiz joaten.
Asteburuetan egiten duzu ogia.
Bai, hori da. Astero 50-60 ogi inguru egiten ditut, kilo batekoak. Okinaren lana sakrifikatua da, baina jendeak gustura jaten duela ikusteak poza ematen du.
Ogiaren Txokoa noiz jarri zenuten martxan?
2002. urtean. Ogiaren Txokoan prozesu osoa erakusten diegu bisitariei: garia landatu, bildu, garia jo, errotan irina egin, masa egin, labean sartu… Bisitariek aukera dute prozesua hasieratik amaierara ezagutzeko. Lehen erabiltzen genuen labe zaharra erakusten diegu, eta errota martxan ikusten dute. Nik gustura erakusten diet, eta niretzat ere aberasgarria da jendea ezagutzeko.
Jendeak ezagutzen du prozesua?
Helduenek bai. Askori ilusioa egiten die, gogoratzen direlako haurrak zirela haien etxean ere ogia egiten zutela. Baina gazte askok ez dute ezagutzen. Ohituta daude ogia okindegian erostera. Horregatik da garrantzitsua transmisioa.
Baserri gutxitan jarraituko dute ogia egiten, ezta?
Okindegiak agertzen hasi zirenean askok utzi zioten ogia egiteari, eta tradizioa ia galdu egin da. Dena den, orain gutxika gero eta jende gehiago hasi da berriro ere etxean ogia egiten, baita saltzen ere.
Jendeak estimatzen du baserriko ogia, ezta?
Etxean egindakoak kalitate handiagoa izaten du eta, gainera, norberak badaki nola egin duen. Dena den, kaleko ogia ere oso desberdina da okindegi batean ala bestean. Nik etxean egindakoa jaten dut: izozkailuan gordetzen dut, eta behar ahala ateratzen joaten naiz.













