Anexo futbol zelaiko aldagelak, datorren astean prest egongo dira
Argixao estadioko anexoan aldagelak jartzen ari dira jada. Datorren asterako prest egotea espero dute. Anexoaren inaugurazio ekitaldia ekainaren 25ean izango da. Mikel Serrano Zumarragako alkateak agerraldia egin zuen atzo anexoko
Argixao estadioko anexoan aldagelak jartzen ari dira jada. Datorren asterako prest egotea espero dute. Anexoaren inaugurazio ekitaldia ekainaren 25ean izango da.
Mikel Serrano Zumarragako alkateak agerraldia egin zuen atzo anexoko obrak nola doazen azaltzeko. Aldagela berrien ezaugarriez Xabier Lizaso Promolan enpresako arduradunak hitz egin zuen.
Eraikin aurrefabrikatuak eta obra arrunta nahastuko dituztela esan zuen. «Bi isolamendu panel jarriko ditugu, energia gutxiago kontsumitzeko eta mantentzea merkeagoa izan dadin. Izan ere, hala zailagoa izango da haustea. Bestalde, pieza arruntak dira eta oso erraza da aldatzea. Aldagelek oso itxura ona izango dute, ez dute aurrefabrikatu itxura izango. Zaldibiako haurreskolan antzerako eraikinak egin ditugu eta zoriondu egin gaituzte», azaldu zuen Lizasok.
Aldagelak egiteko, 12×3 metroko eraikin bat eta 12×2,5 metroko hiru modulo elkarren jarraian jarri behar dituzte. Horri hiru metroko zabalera duen estalkia gehituko diote. 12×13,5 metroko eraikin horretan bi futbol talderentzako aldagelak, epaileentzat aldagelak, biltegia, galdara eta ikusleentzako komuna egokituko dituzte. Aurrealdean aterpea izango du, eguraldi txarra egiten duen egunetan ikusleek non babestu izan dezaten.
Aldagelak datorren astean egongo dira jada erabiltzeko moduan, baina anexoaren inaugurazio ekitaldia ekainaren 25ean izango da.
Inaugurazio festa
Futbol-7 partidak jokatuko dira eta gerturatzen diren guztiek paella-jana egingo dute. Futbol partidetan anexo zaharrean partida ofizialak jokatu zituzten guztiek parte hartu ahal izango dute.
Izena emateko, Zumarragako kiroldegira, Anexo estadiora edo honako taberna hauetako batera jo behar da: Ziaboga, Bidezar, Hirukia, Zona Zero, Anais, Urola, Bordatxo, Maritxu, Laket, HD, Azkena edo Hokaba. Parte hartzaile guztiei kamiseta bana oparituko diete.
Alkateak dagoeneko 60 bat lagunek izena eman dutela esan zuen eta zumarragarrak eta urretxuarrak futbolaren festa honetan parte hartzera gonbidatu zituen. «Anexoa 1973an hasi ziren erabiltzen eta ehunka lagunek jokatu zuten bertan. Guztiei futbol partidetan parte hartzeko gonbitea luzatzen diet», esan zuen Serranok.