Zerbitzu enpresa berriak sortu nahi dituztenentzako lau bulego jarri dituzte Kale Nagusiko 40. zenbakian. Udalak eta Goiekik hitzarmena sinatu dute. Enplegua sortzea dute helburu.
Goiekirekin elkarlanean, Anezka zerbitzu enpresa gunea sortu du Beasaingo Udalak, herriko Kale Nagusiko 40. zenbakian. Lau bulego eta bilera gela bat egokitu dituzte bertan, enpresa sortu berria duten ekintzaileek erabiltzeko. Era horretan, aurreko legealdian lantzen hasitako proiektua egi bihurtu da.
Beasainen eta Goiekiren arteko elkarlanaren harremanak ezartzeko hitzarmena sinatu dute gaur Anezka gunean. Aitor Aldasoro alkateak hitzarmenaren sinadura ekitaldian esan duenez, «udal gobernuak enplegua sustatzeko konpromisioarekin lotuta, ekintzaile berriei erraztasunak eta aukerak emateko urratsak egin nahi ditu». Horrekin batera, «enplegua sustatuko duten ekimenen barruan ekintzailetasuna sustatzea helburu nagusietako bat izanik, lehen pasuoak eman dira».
Beasaingo Udalarena izango da lokalen mantenuaren ardura, eta Goiekirena kudeaketarena. Orain arte bezala, –21 urte dira Goiekiko Inkubategia martxan jarri zela– enpresa berri bat sortzeko ideia duenak Goiekira joan beharko du proiektua lantzeko.
Iker Galparsoro Goiekiren kudeatzaileak zehaztu duenez, «ideia bat duenak Goiekira hurbildu behar du, bertan bideragarritasun plan bat egiten lagunduko zaio eta ondoren, Goiekik eta udalek osatutako mahaian proiektua aztertu eta han emango zaio oniritzia». Enpresa martxan jartzeko lokalak uzten ditu Goiekik. Orain arte Ordiziako industriagunean bakarrik zituen Goiekik ekintzaileei uzteko bulegoak. Hemendik aurrera, Beasain erdigunean ere beste lau bulego izango ditu Anezka gunean.
Beasainen batez ere, zerbitzu enpresak jarriko dituzte, «herritarrengandik eta merkatariengandik gertu egotea eskatzen dutenak», zahaztu dute. Lokal horiengatik metro koadroko 7 euro ordaindu beharko dituzte erabiltzaileek, «gastuak ordaintzeko».
Ekintzaile bakoitzak hiru urtean erabili ahal izango du lokala. Dena den, «Goiekiren ideia berritzaileen lehiaketa irabazten duenak sei urtera arte erabili ahal izango du», nabarmendu du Galparsorok.
Lehenengo enpresa
Ekainaren 1ean Mari Carmen Cabeza ordiziarraren Mecoach enpresa bertan kokatuko da. Batez ere, enpresa txikiei eta herritarrei zuzendutako zerbitzua eskainiko du Cabezak. Beste bizpahiru zerbitzu enpresen proiektuak ere lantzen ari dira ekintzaileak Goiekin.
Galparsorok aurreratu duenez, «beste bi proiektu ere lantzen ari dira: modako plataforma birtual bat eta aholkularitza zerbitzu bat».