«Filosofia hau jendearen kontsumo ohituretan errotzea da helburu nagusia»
Jokin Zabala (Legazpi, 1986) Goimeneko teknikaria da, eta Bertatik Bertara proiektuko dinamizatzailea. 2012an sortu zenetik, Bertatik Bertara proiektua ari da bere ...
Jokin Zabala (Legazpi, 1986) Goimeneko teknikaria da, eta Bertatik Bertara proiektuko dinamizatzailea. 2012an sortu zenetik, Bertatik Bertara proiektua ari da bere fruituak ematen. Azkena, azaroaz geroztik martxan dagoen proiektu pilotu bat da: Ezkio-Itsasoko herri eskolako jangelan bertako ekoizleen produktuekin egindako menuak prestatzea.
Bertatik Bertara 2012an jaio zen Urretxuko nekazari batzordean.
Bai. Filosofia hau jendearen kontsumo ohituretan errotzea da helburu nagusia eta horretan gabiltza, eskualdean proiektua zabalduz. Kontsumitzaile taldeak sei herritan daude martxan: Urretxun, Zumarragan, Legazpin, Ezkio-Itsason, Gabirian eta Ormaiztegin. 2013an parte hartze prozesu bat jarri genuen abian kontsumitzaile, ekoizle eta politikariekin. Handik 14 puntuz osatutako ekintza plan bat atera zen. Puntu horietako bat izan zen bertako produktuak ikastetxetako jangeletan sartzearena.
Ezkio-Itsasoko herri eskolan hasi zarete proba moduan.
Azaroan jarri zen martxan proiektu pilotua. 3 eta 5 urteko hamabost bat haur dira guztira. Dietak Amaia Diaz de Monasterioguren dietista-nutrizionistak prestatzen ditu, haur hauen beharretara moldatuta. Ogia Berroeta (Ezkio-Itsaso) baserrikoa da, Esnea Agerrekoa (Urretxu), barazki ekologikoak Zantagoikoak (Gabiria). Gainontzekoa dendetan erosten da, baina bertako produktuak erosten direla ziurtatzeko jarraipen bat egiten da.
Ondorioren bat atera duzue?
Indartzen eta egonkortzen doan proiektua da. Oraindik asko dago egiteko, ekoizle berriekin lanketa handia egiten ari gara, beti dago hobetzeko zerbait. Orain, jatekotik harago, jangela pedagogikoa bultzatu nahi dugu haurrek gaztetatik ikas dezaten zer jaten duten, nondik datorren jaten duten hori… balioan jarri nahi dugu bertako ekoizleen lana. Horretarako eskoletarako material didaktiko bat osatzen ari gara.
Interesa agertu al du beste ikastetxeren batek?
Urretxu-Zumarragako ikastolarekin harremanetan gaude eta Gainzuri ikastetxeak ere interesa agertu du. Martxan jarriko den hurrengo proiektua Legazpiko Meazti tutelatutako etxebizitzetan izango da. Proiektua gizartean zabaldu nahi dugu.