Kilian Jornet: «Errekorrak ez zaizkit asko axola, papelean idatzitako zenbakiak besterik ez dira»
Zegama-Aizkorri mendi lasterketari estuki lotutako izena da Kilian Jornet lasterkariarena. Zazpi aldiz irabazi du Zegamako mendi maratoia, eta aurten «ondo pasatzera» datorrela dio; hori du helburu, probarekin eta jendearen berotasunarekin disfrutatzea. Ez du marka ahaleginik buruan, berarentzat errekorrak «papelaren gainean idatzitako zenbakiak besterik ez» baitira.
Mendiarekin lotutako beste hainbat proiektutan buru-belarri sartuta dabil Jornet, baina «korrika egitea asko» gustatzen zaionez, bi probatan parte hartuko du aurten, AEBtako Hardrock-en eta Zegama-Aizkorrin. Iaz urdaileko arazoak izan bazituen ere, «oso oroitzapen politak» dituela dio, «lasterketa beste modu batera» bizi baitzuen.
Adierazpen horiek egin ditu GoiBerri aldizkariari eskainitako elkarrizketan. Bihartik aurrera irakurri ahal izango da osorik, papeleko edizioan.