Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Egunean azoka egingo du Herriak Elkarlaneak-ek bihar Beasainen
Maiatzaren 21a Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna da. Beasainen ere ospatuko du eguna, Herriak Elkarlanean Gobernuz Kanpoko Erakundeak.
Bihar, 11:00etan hasita, Zubimuzu plazan (euria egingo balu Loinazko San Martin plazaren azpian) egingo dute jaia. Bidezko Merkataritzako jatorridun kafea, txokolatea eta bizkotxoa, beste zenbait produktuen artean, dohainik dastatzeko aukera izango da. Haurrentzako jolasak ere antolatuko dituzte.
Herriak Elkarlanean-etik jakinarazi dutenez, “ekitaldi xume honekin, bidezko merkataritza ezagutarazi nahi dugu, merkataritza mota honetako produktuak herritarrei gerturatuz”.
Bidezko Merkataritza ohiko merkataritzaren alternatiba bat da, gobernuz kanpoko zenbait erakundek, baita Nazio Batuen Erakundeak ere, sustatua. Helburua, ekoizleen eta kontsumitzaileen artean merkataritza harreman bidezkoagoak eta boluntarioak lortzea da.
Bidezko Merkataritzaren oinarriak
- Ekoizleek kooperatibak osatzen dituzte, demokratikoki funtzionatzen dutenak.
- Haurren esplotazio eza.
- Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna.
- Giza eskubideekiko errespetua.
- Produktuak erostean ordaintzen dena, ekoizleei bizi baldintza egokiak izatea ahalbidetzen die.
- Erosleek, gehienetan, aurrez egiten dute ordainketa, ekoizleek beste finantziazio bide batzuk bilatu behar ez ditzaten.
- Kalitatea eta produkzio iraunkorra baloratzen dira.
- Ingurumena zaintzen da.
- Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko bitartekariak, ahal den neurrian, gutxitzea.
- Kontsumitzaileek produktuaren jatorriari buruzko informazioa dute.