ATAUN: Katea eten gabe, aurrera begira
Gipuzkoako herririk luzeena da Ataun, eta bere orografia bereziak, herria hainbat auzo eta auzunetan banatuta egotea eragin du. Bere historia eta mitologia ahaztu gabe, egungo beharrei aurre egiteko bide berriak irekitzen ari dira, tartean, turismoa.
Gipuzkoako herririk luzeena izateaz gain, mitologia eta esaunda zaharrengatik ezaguna da Ataun. Mendi aldeko herria izateak eta Joxemiel Barandiaran antropologo eta etnografo ezagunak egindako lanak izan dute zerikusirik horretan. Mendeetan zehar nekazal giroko eta mendi inguruko herri izan da, baina gaur egun, 21. mendeko gizartearen erronkei erantzutea da esku artean duten erronka nagusia.
Hedaduraz handia izanagatik, biztanlez herri txikia da Ataun; 1.674 lagun bizi dira bertan. Demografia aldetik gora behera ugari izan ditu azken hamarkadetan; XX. mende hasieran, Goierri eskualdeko herririk jendetsuena zen, 2.880 biztanlerekin. Industrializazioaren eta nekazal bizimoduaren galeraren ondotik ordea, 1.550 biztanle izatera iritsi zen. Azken bi hamarkadetan, etxebizitza ugari egin dira, batez ere San Martin eta San Gregorio auzoetan; horrek eta jaiotze tasaren igoerak, biztanleriak berriz ere gora egitea ekarri dute.
Aralarren magalean eta Agauntza ibaiaren arroan kokatuta dago Ataun. Hamalau kilometroko luzeera du, eta hiru auzo nagusi –San Martin, San Gregorio eta Aia– eta hainbat auzunetan banatuta dago. Horrek, zaildu egiten du zerbitzu guztiak herritar guztiengana iristea, eta zenbait arlotan –osasuna, kultura, bilguneak…– San Martin eta San Gregorio dira herritarren erreferentzia nagusiak. Auzo txikietako biztanleei eustea eta gutxieneko zerbitzuak bermatzea da udalaren helburuetako bat.
Auzo guztietara iritsi nahian
Ataungo hiru auzoetan txikiena da Aia, eta baita herrigunetik hurrunena dagoena ere. Horrek zailtasunak sortzen ditu oinarrizko zerbitzuetarako irismena bermatzerako garaian. Asier Rodriguez alkateak azaldu duenez, ordea, aurten hainbat hobekuntza egiteko asmoa dute bertan. Batetik, Behone etxea bota eta haren orubea eta plaza ingurua txukundu nahi dituzte. «Auzo guztietako parkeak berritzen ari gara; San Martingoa egin zen, eta aurki San Gregoriokoa eta Aiakoa egin nahi ditugu». Aiatik Urkillagara doan errepidean ere konponketa lanak egin nahi dituzte, urak kanalizatu eta azken aldian eragin dituen lur mugimenduak saiesteko.
Zerbitzu aldetik ere, askotan beste auzoen atzetik gelditu izan da Aia, eta hori konpontzeko ahaleginetan ere ari dira. «Lehen San Gregorioko medikua astean behin edo joaten zen Aiara; orain ordea, murrizketak direla eta, ez dute zerbitzu hori ematen». Osakidetzarekin harremanetan jartzen saiatu dira, eta idatzi bat ere bidali dute, baina momentuz ez dute erantzunik jaso. Kontrakoa gertatzen da autobus zerbitzuarekin; «iaz egin ziren linea aldaketekin, orain behintzat autobusa Aiaraino» iristen da eta bertakoak «gustura» daudela dio. Buruan hainbat proiektu badituzte ere, egoera ekonomikoa eta udalen finantziazio maila kontuan izanda, Ataun bezalako herri batek ez du inbertsio handirik egiteko aukerarik. «Proiektuak baditugu, baina arazoa finantziazioa da. Inbertsio berriak egiteko zailtasunak ditugu, eta egiten ari garen lan gehienak, mantentze lanak dira. Batzuk gainera premia handia dute eta derrigorrean egin beharrekoak dira». Lan horietako bat, herriko baserri bideak berritzea izango da. Azken urteetan hainbat bide konpondu badituzte ere, beste hiru gelditzen zaizkie oraindik, baina horretarako ere, dirulaguntzen zain daude. «Proiektua eta laguntza eskaera aurkeztuta daude Goimenen, baina izan dituzten aldaketa batzuk tarteko, proiektuak aztertu eta laguntza horiek emateko modua aldatu egin da, eta luzatzen ari zaigu kontua». Herri bideen inbentarioa Ataungo Udalak esku artean duen proiektuetako bat, herri bideen inbentarioarena da. Duela bi urte hasitako lana da, eta hainbat herritarren laguntzari esker osatu dute. Bilketa hori guztia egitea «lan handia» izan dela dio alkateak, baina etorkizunerako erreminta erabilgarria izango dela deritzo; «dagoeneko erabili dugu kontsultaren bat egiteko». Hainbat mapa eta herriko bide eta bidexka publikoen zerrenda osatua egin dute. Inbentario horretan «bi motako bideak» sartzen direla azaldu du Asier Rodriguezek: «batetik baserrietara doazen bide publikoak, eta bestetik, garai bateko gurdibide, bidetxur eta galtzadak». Beste bi astez ikusgai egongo da inbentario hori, herritarrek beste ekarpenen bat egin edo aldaketaren bat proposatu nahiko balute. Turismoa, pixkanaka pizten Duela urte gutxira arte turismoari ez zaio aparteko garrantzirik eman izan Ataunen, baina pixkanaka, gero eta indar handiagoa hartzen ari den sektorea da. Horretan zerikusi handia dute Lizarrustiko Parketxeak eta Barandiaran Museoak. Aralarko parke naturalaren interpretazio zentroa da parketxea, eta berau ezagutzeko hainbat ibilbide ateratzen dira bertatik. Horrez gain, aterpetxea eta jatetxea ere baditu. Barandiaran museoak berriz, ikerlari ezagunaren bizitza, ibilbidea eta ikerlanak ezagutaraztea du helburu. 2010. urtean inauguratu zuten, eta harrezkero, milaka bisitari hartu ditu. Mitologia eta turismoa uztartzen dituen beste egitasmo bat, Jentilbaratza elkarteak antolatzen dituen ibilbide mitologikoak dira. Ataungo paisaiak eta pertsonaia mitologikoak uztartzen dituzte. modu ludiko batean. Auzolana eta herri partaidetza bezalako baloreen bidetik, egungo behar eta erronketara egokitzeko ahaleginean dihardu Ataunek, baina sustraiak galdu gabe eta nondik datorren ahaztu gabe. Katea ez baita eten.«Proiektuak baditugu buruan, baina arazoa finantziazioa da. Egiten ari garenak, mantentze lanak dira batez ere» «Ataungo herri bideen inbentarioa egitea lan handia izan da, baina etorkizunean erreminta erabilgarria izango da» Asier Rodriguez (Ataungo alkatea)
Barandiaran zenaren oroimenak bizirik dirau Ataungo mitologia eta kondairak Euskal Herri osoan ezagunak badira, hein handi batean Joxemiel Barandiaran antropologo eta etnografo ataundarrak egindako lanari esker da. Aurten beteko da ikerlaria hil zeneko 25. urtemuga. Hori dela eta, haren izena daraman fundazioa hainbat ekitaldi prestatzen ari da. Pasa den martxoan egin zuen urteko lehen batzarra Barandiaran Fundazioaren patronatuak, eta bertan, urtemuga horren harira antolatu nahi dituzten ekitaldien berri eman zuten. Guztira, 5 mahai-inguru egingo dituzte, Euskal Herriko bost hiriburutan. Josemari Velez de Mendizabal Fundazioko lehendaka- riaren arabera, «orain arte sarritan eta oso ondo jorratu izan da Barandiaranen figura elizgizon zein arkeologo ikuspuntutik», baina orain, «prisma ezberdin batetik» landu nahi dute gaia. Hala, Barandiaranek Europan eta euskal gizartean izan duen eragina, haren fedea edota baloreak aztertuko dituzte saio horietan. Horrekin batera, 2011. urteaz geroztik utzita zegoen Barandiaran Beka berreskuratuko dute, eta deialdi berri bat egingo dute ekainean.















