«Kronika periodistikoa literatura generoa izan litekeela dio egileak»
IKER SANCHO. ITZULTZAILEA
Arrasateko Jokin Zaitegi Saria irabazteari esker, Iker Sancho itzultzaileak (Lazkao, 1975) Svetlana Aleksievitx Nobel saridunaren kronika-liburua euskaratuko du, errusieratik.
Jokin Zaitegi Saria irabazi duzu. Nobel saridunen lanak euskaratzea du helburu, ezta?
Bai. Errusierazko saridun baten zain nengoen. Banuen gogoa sari honetan parte hartzeko. Harrituta geratu naiz oihartzunarekin. Nobel sariaren kontuagatik, eta Svetlana Aleksievitx nola hemen inguruan ibili den azken aldian, oihartzun handia izan du.
Sariketako itzulpena zuk proposatu zenien, ala beraiek zuri?
Lehiaketa irekia da. Oinarriak atera, eta hiru orri-edo ematen dituzte, itzultzeko. Aurkezten diren guztien artean epaimahai batek izendatzen du irabazlea. Dena anonimoa da.
Errusieratik euskarara zuze-nean itzuliko duzuenak asko ez zarete izango, bada?
Ez. Baina epaimahaian hirutik bik behintzat badakite errusiera. Eta aurkeztu garen erdiek errusieratik zuzenean egin omen dugu itzulpena. Poztekoa da.
Gasteizen Itzulpengintza irakasle zara, EHUren Letren Fakultatean. Indarra hartzen ari da errusiar kultura?
2002ko abenduan lortu nuen unibertsitateko plaza, errusiera emateko. Harrezkero, bost irakasle gara Gasteizen: lau irakasle bertako plantilan, eta bat Errusiatik irakurle bezala etorritakoa. Bost lagun, eta denok lanarekin gaude.
Errusierak badauka, orduan, tiradizoa.
Bai. Itzulpengintza barruan ari gara, EHUren graduan. Hizkuntzetako bat errusiera da. Nola birbanaketa sistema bat dagoen, beti dago bermatuta ikasle kopuru bat. Batzuek errusiera aukeratu egiten dute, eta beste batzuk errebotez iristen dira, denek alemaniera ikastea ezinezkoa delako. Baina leialtasun maila handi batekin.
Gaur egun, soziologikoki zer behar dauka jendeak errusiera ikasteko?
Gu oso zentratuta gaude itzulpengintzan. Baina itzultzen ikasten duenak, hizkuntza ikasten du. Denak ez dira itzultzaile izango gero; batzuek nazioarteko harremanetan master bat egiten dute, edo kontu komertzialetan. SPRIrekin egon izan dira. Irakaskuntzan bukatzen dute beste batzuek. Ingelesa denek dakite, eta horrez gain errusiera jakiteak beste profil bat ematen du. Enpresetan badago beharra: CAFek Errusian eskaerak dauzka, Ampo petrolio eta gas munduan dabil…
Literaturara etorrita, Aleksievitxen ‘Gerrak ez dauka emakume aurpegirik’ itzultzeko lana duzu. Nolakoa da liburua?
Ez da nobela bat. Hain zuzen, Nobel saria halako kronika batekin eman dioten lehenengo idazlea da. Batzuek esaten dute kazetaritza dela, beste batzuek literatura. Berak defenditzen du kronika periodistikoa literatura genero bat izan litekeela, nahiz eta fikzioa ez izan.
Zer kontatzen du kronikak?
Emakumeen ikuspuntua da II. Mundu Gerraren gainean. Frentean bertan egon ziren emakumeek nola ikusi zuten gerra. Gizonek kontatutakoak alde batera utzita, euren gauzak jaso ditu, etxera joan eta elkarrizketa grabatuta. Pertsona bezala, emakumetik emakumera kontatuak dira. Aleksievitx gerra garaian umea zen, eta oroitzen du orduan emakumeek kontatzen zutela gerra, gizonik ez zegoelako herrian. ‘Umetan dena emakumeek kontatu baldin bazidaten, zergatik gizonek gero?’ dio.
Oroimen historikoa eta emakume ikuspuntua batuta, beraz?
Bai. Gaurkoa ere kontatzen du, Sobiet Batasuna erori eta gero nola eboluzionatu duen Errusiak. Liburu hau emakumeen kronika da.
Itzultzeko, zer zailtasun du?
Estilo aldetik azkena itzulitakoa baino errazagoa izan liteke. Baina kontatzaileak amonak dira, eta amona errusiar bat gerrako egunerokotasunaz… Errusiako kulturan sartuta nago, eta badakit nola hitz egiten duten. Hori euskaratzea erronka da. Gainera, gerrako lanbide horiek guztiak, errealitateak… errusiar bakoitzak buruan dauzka, baina hemen deskribatu beharra daukazu, gehiegi deskribatu gabe. Badauka bere lana. Urte bukaerarako eskatu didate.














