«Zegama-Aizkorri zer den azaltzea zaila da, bizi egin beharra dago»
Hiri batean jaioa izan arren, ume-umetatik mendia eta natura gertu sentitu ditu Kilian Jornet Burgadak (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1987), haren gurasoak Pirinioetako ...
Hiri batean jaioa izan arren, ume-umetatik mendia eta natura gertu sentitu ditu Kilian Jornet Burgadak (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1987), haren gurasoak Pirinioetako Cerdanya bailarako Cap del Rec aterpetxeko arduradunak ziren eta. «Txikitatik praktikatu ditut mendiko kirolak, eta jolas bat bailitzan, mendia maitatzen eta gozatzen ikasi dut». Gaur-gaurkoz kirolari profesionala da, eta neguko denboraldia bukatuta, igandean Zegama-Aizkorrin parte hartuko du –zazpi aldiz irabazi du–. Posta elektronikoz erantzun ditu galderak.
Emaitza oso onekin bukatu duzu neguko denboraldia: Mendiko Eskiko Europako azpitxapeldun, Vertical Race Munduko Koparen txapeldun, Altitoy eta Pierra Mentan garaile Matheo Jacquemooud frantziarrarekin bikotea osatuz. Nola laburbilduko zenituzke lorpen horiek?
Oso gustura nago, egia esan. Hainbat arrazoi direla tarteko, denbora pixka bat pasa da azkeneko munduko txapelketa lortu nuenetik, eta ilusioa egin dit. Mendiko eskiaren zale amorratua naiz, mendian egitea gustatzen zaidan guztia konbinatzeko aukera ematen didalako. Horrez gain, belaunaldi berriak indartsu datozela ikusten dut, eta alderdi hori ere asko interesatzen zait.
Eta orain, berriz, udaberri-udako sasoiari helduko diozu. Hamar urte egin dituzu hainbat mendi lasterketatan lehiatzen eta irabazten, baina aurtengo beste plan batzuk dituzu. Uda bukaeran Everesteko gailurra zapaldu nahi duzu ‘Summits of my Life’ (Nire bizitzako gailurrak) erronka pertsonalaren barruan. Asmoa iaz egitea zen, baina Nepal astindu zuen lurrikara dela eta, plana aldatu zenuen. Zer da igoera horrekin lortu nahi duzuna?
Bai, planak ez dira beti batek nahi duen bezala irteten! Summits of My Life 2012an hasi zen proiektu bat da, eta horren helburua mendiak beste modura batera igotzea da, azkar eta arin, eta gure balioak oinarri hartuta. Harrezkero, gauza asko gertatu dira, batzuk onak eta beste batzuk ez horren onak. Proiektu honetaz gustatzen zaidana da bizirik dagoen proiektu bat dela, etengabe aldatzen ari dela, eta gu egoera horretara molda gaitezkeela. Iaz dena prest genuen Everestera igotzeko, baina lurrikara gertatu zen, eta egoera horretan ez zuen zentzurik espedizioa egiteak. Hala ere, laguntzera joatea erabaki genuen. Orain, urtebete beranduago, saiakera egingo dugu. Gure ideia Everest arin igotzea da, ahalik eta material gutxienarekin, eta proiektua borobiltzea.
Iaz Nepalen bizitakoarekin ‘Langtang’ izeneko dokumentala osatu duzue. Zure esperientzia kontatu ez ezik, helburu solidarioa ere badu lan horrek. Zein da gaur gaurkoz bailara horren egoera?
Dokumentala Langtang bailaran oinarrituta dago. Inguru hura erabat txikitu zuen lurrikarak, horrek elur-jausi bat sorrarazi zuen, eta Langtang azpian harrapatu zuen. Jende asko hil zen. Txikizio horren lekuko izan ginen. Urtebete beranduago, Nepalgo hainbat eremu berreraiki dituzte, baina turisten falta nabaria da, eta horixe da haien diru-iturri nagusia. Langtang bailara txiki-txiki eginda dago, eta horri aurre egiteko, dirua biltzen hasi ginen abenduan SOS Himalaya gobernuz kanpoko erakundearen bitartez.
Erronka nagusia hori duzu aurten, baina mendi lasterketak ez dituzu erabat alde batera uzten. Zerk motibatzen zaitu?
Egia esan, bi lasterketatan bakarrik parte hartuko dut, Zegama-Aizkorrin eta Hardrocken, AEBetan. Everesterako ondo prestatu nahi dut nire burua, eta horrek altueran entrenatzea, eskalatzea eta alpinismoa egitera behartzen nau. Korrika egitea asko gustatzen zait, eta horregatik ez ditut alde batera utzi nahi.
Eta zergatik bi horiek?
Everestera joateko nire prestaketaren barruan egokienak direlako, eta batik bat, izugarri gustatzen zaizkidan bi lasterketa direlako.
«Zegama Zegama da». Askotan errepikatu duzun esaldi bat da. Zer adierazi nahi izaten duzu hiru hitz horiekin?
Zaila da Zegama zer den azaltzea! Bizi egin beharra dago. Askotan eguraldi kaxkarra egiten duen lasterketa bat da, baina hala ere izugarri gustatzen zait: ibilbidea, Sancti Spiritun zaleek jartzen duten giroa, lokatza, euria… Horrek guztiak egiten du berezi Zegama. Antolakuntza ere bikaina da. Zaila egiten zait arlo zehatz bat nabarmentzea.
Orain arte egin diren hamalau edizioetatik zazpitan izan zara irabazle, eta probaren errekorra jarri zenuen 2014. urtean (3:48:38). Ohorea al da hori?
Errekorrak, egia esan, ez zaizkit asko axola, paper batean idatzitako zenbakiak besterik ez dira. Iaz, esate baterako, Nepaletik iritsi berritan etorri nintzen Zegamara, eta lasterketa ondo hasi banuen ere, urdaileko mina jarri zitzaidan ondoren. Ez dut gogoan zer postutan iritsi nintzen helmugara –23. sailkatu zen, 4:19:20ko denbora eginez–, baina oso oroitzapen politak ditut iazkoaz. Lasterketa beste modu batera bizi izan nuen, zaleen berotasuna sentitu nuen, haien animoak… Oso polita izan zen hori ere.
Eta aurten zer helburu duzu?
Zegamara etorri, eta beti bezala ondo pasatzea, horixe da nire helburua!
Zegamako eta Goierriko herritarrei hitz batzuk eskainiz amaituko al zenuke?
Eskerrak ematea besterik ez, urtero-urtero halako harrera ona egiteagatik.