Zegama-Aizkorri mendi maratoia iruditan: Bideoa eta argazki galeria
Goierriko Hitza
Goierri
“Euria eta lokatza, hori da guretzat Zegama”. Hitz horiek egin zituen Zegama-Aizkorri parte hartu duen korrikalari batek lasterketaren aurkezpen ekitaldian. Eta aurtengoa ikusita, bete-betean asmatu duela esan liteke.
Berez gogorra den ibilbidea zaildu egin dute euriak, haizeak eta hotzak, eta asko izan dira nekeak jota edo hipotermia arazoengatik lasterketa utzi behar izan duten korrikalariak. Aurreneko postuetan aritu den Aritz Lasa da horietako bat.
Gainontzean, Kilian Jornet izan da lasterketako protagonista nagusia. Kataluniarrak 8. aldiz irabazi du Zegama-Aizkorri mendi maratoia, ibilbidea 3 ordu eta 50 minutuan osatuta. Bigarrenari bederatzi minututik gorako aldea atera dio, beste behin ere, gainontzeko korrikalariak baino koska bat gorago dagoela argi utziz. Mark Lauenstein (2. postuan) eta Luis Alberto Hernando (3.) izan dira gizonezkoen podiuma osatu dutenak.
Emakumezkoetan berriz, Yngvild Caspersen norbegiarra izan da helmugara iristen lehena. Megan Kimmel estatu batuarra izan da bigarren, eta Oihana Kortazar hirugarren.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.