Proiektuaren aurkako Goierriko hainbat ordezkari
Itsaso eta Deikaztelu arteko goi tentsio linearen kontrako mozioak onartu dituzte kaltetutako 31 herrik. Horien artean daude ‘autopista elektrikoa’ deitutakoak ukitzen dituen Goierriko bost herri: Zegama, Segura, Zerain, Mutiloa eta Gabiria. Udal horiek guztiek, proiektuaren kontrako jarrera berretsi dute beste behin, gaur Iruñean egin duen agerraldian.
Iñaki Ugalde mutiloako alkatea izan da prentsa aurreko ekitaldian parte hartu dutenetako bat. Bertan azaldu dutenez, Lakuako gobernuari, Nafarroakoari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari “proiektua geldiarazi” dezatela eskatzen diote, “paisaia, ingurumen eta ekonomia aldetik jasanezina” delakoan. Proiektuaren helburu nagusia, herrialdean barrena energia garraiatzea baino gehiago, elektrizitatea “Frantziar Estatura esportatzea” dela gogorarazi dute.