Legorretako herriaren ikuspegi orokorra.
UEMAk larunbat honetan, maiatzaren 28, ospatuko du Udalerri Euskaldunen Eguna Leitzan. Beste hainbat herriren artean, Legorreta onartuko dute mankomunitateko kide moduan. Legorretako Udalak apirileko osoko bilkuran erabaki zuen UEMAn sartzea, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin eta EAJkoen abstentzioarekin.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urteko Batzar Nagusia egingo du larunbatean Leitzan, festa eta aldarrikapena uztartuko dituen ekitaldian. Euskaldunek 25 urtez egindako ekarpena gogoratu nahi dute antolatzaileek. Horretarako egitarau betea eta bideoklipa ere prestatu dituzte. Legorreta kide izendatzearekin, Goierrik 8 herritako ordezkaritza izango du bertan; Altzaga, Arama, Ezkio-Itsaso, Gaintza, Itsasondo, Segura eta Zaldibia ere kide baitira.
Zer da UEMA?
1988. urte amaieran sortu zen UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Euskal Herrian Euskaraz elkartearen ekimenez, 30 udalerri euskaldunek «Euskararen Erabilpena Normalizatzeko Udal Arautegia» onartu zutenean.
Egun 73 kidek osatzen dute eta ostiral hontatik aurrera 76, Dima, Ziortza-Bolibar eta Legorreta gehituko baitira. Bete beharreko baldintza nagusia herritarren %70a euskalduna izatea da. Udalak euskaraz funtzionatzea eta UEMAko gainerako udalekin batera hizkuntza politika aurrerakoiak egiteko borondatea izatea ere kontuan hartzen dituzte.