Joana Garcia nutrizionistarekin batera idatzi du. Turarte dendan aurkeztuko du gaur, 19:00etan. Mendian istripuak saihesteko neurriak izango ditu hizpide, besteak beste

Antxon Burcio mendizale legazpiarrak
Nutrición, seguridad y salud en la montaña liburua aurkeztuko du gaur, Txakel Urarteren Turarte dendan, 19:00etan. Mendiko segurtasunaren inguruko liburua da, eta Joana Garcia nutrizionistarekin batera idatzi du. Edozeini zuzendutako liburua da, ez soilik mendizaleei, eta aholku praktikoak ematen ditu. «Oso modu sinplean idatzi dut, jendeak ulertzea eta, batez ere, erabiltzea nahi dudalako», esan du Burciok.
Legazpiarraren hitzetan, mendian gertatzen diren istripuen %80 sahiestu egin daitezke segurtasun neurriak hartuz gero. Horretarako, planifikazioa oso garrantzitsua dela uste du. Hain zuzen ere, irteera bat planifikatzeko orduan kontuan izan beharreko puntuak lantzen ditu liburuan. «Jendearen akats larriena horixe da, aurrez ez planifikatzea», azaldu du Burciok. «Eguraldia, adibidez, ia zehatz jakin dezakegu gaur egun, eta, gezurra badirudi ere, askok ez diete aurreikuspenei kasu egiten mendira joateko».
Mendian 50 urtetik gorako ibilbidea du Burciok, eta Euskal Mendizale Federazioko mendi lasterketetako zuzendari teknikoa izana da. Urte hauetan guztietan, hitzaldi asko eman ditu mendiko segurtasunari buruz. Oraingoan, berriz, liburuan idazteko pausoa eman du.
Mendiko segurtasunari begira, hainbat dira kontuan hartu beharrekoak: oinetako egokia erabiltzea, aurreikuspen metereologikoei kasu egitea, ongi entrenatuta joatea, ura eta janaria eramatea… «Gerta daiteke mendian iturririk ez egotea, edo txorkatila haustea; horrelakoetarako prest joan behar du mendizaleak».
Bakoitzari egokituta
Bestalde, Burcioren ustez, garrantzitsua da bakoitzak bere ahalmenera egokitutako irteerak antolatzea. «Mendiaren alde ona da edozein joan daitekeela, baina bakoitzak bere egoerara moldatu behar du», adierazi du. «Adibidez, pasa berri den Zegama-Aizkorri mendi maratoia ez da edonork egiteko modukoa».
Ez da Burciok idazten duen lehen liburua. Orain arte, ordea, mendiko ibilbideei buruz idatzi izan du. Gaurko aurkezpena herritar guztiei zuzenduta dago.