Zumarragako jubilatuen etxea berritzeko lanak datorren astean hasiko dituzte
Zumarragako jubilatuen etxea zaharberritzeko eta handitzeko lanak datorren astean hasiko dira. Udal langileak eraikina husten ari dira eta udalak eta Altuna eta Uria enpresak kontratua sinatu dute dagoeneko. Udalak eta
Zumarragako jubilatuen etxea zaharberritzeko eta handitzeko lanak datorren astean hasiko dira. Udal langileak eraikina husten ari dira eta udalak eta Altuna eta Uria enpresak kontratua sinatu dute dagoeneko.
Udalak eta Altuna eta Uria eraikuntza enpresak atzo sinatu zuten kontratua. Udalaren aldetik, Mikel Serrano alkatea eta Lucia Okariz idazkaria egon ziren. Enpresaren aldetik, berriz, Aitor Uria enpresa burua eta Susana Azkoitia obra zuzendaria.
Sinadura ekitaldia jubilatuen etxeko balio anitzeko gelan egin zuten eta alkateak oso toki berezia dela gogoratu zuen. «Gela honetatik herriko elkarte asko pasatu ziren, Zelai Arizti kultur etxea eraiki aurretik».
Serranok obraren lehen fasea datorren astean hasiko dela eta hiru hilabeteko iraupena izango duela aurreratu zuen. «Orain areto guztiak husten ari gara eta ondoren obra hasiko da».
Gure Txoko jubilatuen etxeak 1.400 metro koadro izango ditu. Beheko solairuan, Euskadi plazaren altueran, taberna jarriko dute. Orain arte lehen solairuan zegoen eta behera eramanda adin guztietako zumarragarren arteko hartu-emana bultzatu nahi dute. Tabernak 40 lagunentzako jangela izango du.
Solairuartean, Gure Txoko jubilatuen etxeko zuzendaritzaren bulegoa, ile-apaindegia eta billarra egongo dira.
Lehen solairuan, berriz, erabilera anitzeko gela bat egongo da. Bingoan jokatzeko, dantzatzeko eta bazkariak egiteko erabiliko dute. Bigarren pisuari dagokionez, gizarte zerbitzuetarako erabiliko dute. Azkenik, ganbaran udaltzaingoaren aldagelak, biltegiak eta ikastaroetarako gela bat egongo dira. Bertan, dantza, yoga eta soinketa egingo dituzte, besteak beste.
Lehen fase honetan ormak bota eta gela berriak egingo dituzte. Gainera, eskailera berria egingo dute (orain artekoa baino zabalagoa) eta igogailu berria jarriko dute. Bigarren fasean, berriz, eraikina jantziko dute. Lehen fasearen aurrekontua 850.000 eurokoa da eta obra osoaren 1.230.000 eurokoa. Jubilatuen egoitza berria datorren urteko maiatzean inauguratzea espero dute.
Serranok obra oso garrantzitsua dela esan zuen. «Egitasmo honen helburua adineko jendearen bizi kalitatea hobetzea da. Izan ere, beraiei esker gara garena. Herriari asko eman diote eta udalak beraien pare egoten jakin behar du».