UZ Trail mendi lasterketa egingo dute bihar Urretxu eta Zumarragan
Bihar arratsaldean UZ Trail mendi lasterketa egingo dute Urretxu eta Zumarragan. Goierri Garaia Mendi Lasterketa taldeak antolatutako proba hori Goierriko Trail Kopako hirugarren proba puntuagarria da. Faborito nagusia Aritz Egea
Bihar arratsaldean UZ Trail mendi lasterketa egingo dute Urretxu eta Zumarragan. Goierri Garaia Mendi Lasterketa taldeak antolatutako proba hori Goierriko Trail Kopako hirugarren proba puntuagarria da. Faborito nagusia Aritz Egea urretxuarra da. Korrikalariek bi ibilbide izango dituzte aukeran: bata 22 kilometrokoa eta beste 11koa.
Korrikalariak 16:00etan irtengo dira Areizaga-Kalebarren plazatik. Ibilbide luzekoak Izazpira igoko dira eta ondoren Irimora. Ibilbide motzekoak, berriz, zuzenean Irimora joango dira. Lehenengoek 1.600 metroko desnibela gaindituko dute eta bigarrenek 800 metrokoa.
Proba luzeko korrikalariek lau anoa postu izango dituzte ibilbidean zehar eta beste bat amaieran eta proba motzekoek bi ibilbidean zehar eta beste bat helmugan. Amaieran, Urretxuko kiroldegian dutxatzeko aukera edukiko dute.
Aipatzekoa da orain arte proba motza Zumarragan egin dela eta aurten Urretxun egingo dela. Hemendik aurrera, txandakatu egingo dute.
Sari banaketa ekitaldia 19:30ean izango da. Bi lasterketetan lehen hiru emakumezkoentzat eta lehen hiru gizonezkoentzat sariak egongo dira. Gainera, parte hartzaile guztiek Mizuno markako korrika egiteko kamiseta bat jaso eta opari zozketa batean parte hartuko dute.
Goierriko trail kopa
Iaz Aritz Egea eta Sandra Sevillano nagusitu ziren proba luzean. Aurten ere biek parte hartuko dute. Bestalde, Goierriko trail kopako hirugarren proba puntuagarria izango da. Proba motzetan Imanol Intza zumarragarra eta Garazi Golmaio zaldibiarra doaz lider. Proba luzetan, berriz, Seguran bizi den Iker Iztueta ormaiztegiarra eta Laida Elizegi zaldibiarra dira liderrak.
Goierriko trail kopa lau probek osatzen dute: Gabiriako Leharrei lasterketa, Segura eta Zeraingo Sanson lasterketa, Urretxu eta Zumarragako UZ Trail eta Idiazabalgo Axari Trail.
Gabiriakoa apirilaren 9an egin zuten eta Segura eta Zeraingoa maiatzaren 7an. Irailaren 11n erabakiko da, Idiazabalen, Goierriko trail koparen lehen edizioko irabazleak zeintzuk diren.