Ostadarraren koloreak Goierrin aldarrikatuz
Kolore askoko zubiak eraikitzeko, Goierriko Zubia LGTBI+ taldea sortu dute Goierrin. Kolektiboaren ikusgarritasuna indartu nahi dute eskualdean, baita babesa eta informazioa eman ere.
«Hasieran ez genuen horrela uste, baina jendearen erantzuna ikusita, nik uste dut jendea zain zegoela» Maddi Noguera (Goierriko Zubia) «Heziketaz hitz egiten dugunean haurrak etortzen zaizkigu burura, baina gizartea hezi behar da» Gemma Urteaga (Goierriko Zubia)Belaunaldi gazteak eta gizartea heztea da Goierriko Zubiaren beste helburu bat. “Heziketaz hitz egiten dugunean haurrak etortzen zaizkigu burura, baina gizartea hezi behar da. Gizarte batek aurrera egin nahi badu, arlo guztietan pasoak eman behar ditu”. Norberaren esperientzia kontatzetik abiatuta, Goierriko Zubia taldeko bi kideek hitzaldia egin dute Ordiziako Jakintza ikastolan, eta oso esperientzia aberasgarria dela uste dute. Urteagaren esanetan, besteen esperientzia entzuteak asko laguntzen du. “Nik ez nuen nire garaian horrelako aukerarik eduki, eta oso garrantzitsua da. Horren falta sumatu izan dut nik beti”. Oraindik hasten ari dira, baina tailerrak edo hitzaldiak egin nahi dituzte ikastetxeetan, gaztetxeetan eta deitzen dieten lekuetan. Informazioa eta babesa Taldearen helburuetan hirugarrena informazioa eta babesa ematea da. Bai kolektibo horretako pertsonei, baita gurasoei ere. Garbi ikusten dute gurasoentzat ere garrantzitsua dela Goierriko Zubiak egin dezakeen lana, “ezjakintasuna” egoteaz gain, “seme-alabek sufrituko duten beldur izaten baitira”. Era horretan, horrelako talde bat eskualdean bertan egonda, “beraien seme-alabak babestuta egongo direla jakiteak lasaitu egiten ditu”. Hala ere, “gurasoak ere formatzea” garrantzitsua dela nabarmendu dute. Informazioa zabaltzearekin batera, gizartearen aldaketan legeak egokitzeak edo aldatzeak lagun dezakeela uste dute. Danimarkan, esate baterako, Osasunaren Mundu Erakundeari aurre eginez, transexualitatea buruko gaixotasun zerrendatik kendu dute. “Gizarteak egin behar du eraldaketa, baina legeak ez badira aldatzen, jai dago”. Alemanian emandako beste aurrerapauso bat ere gogoratu dute: haur bat jaiotzen denean, neska edo mutila den bereizten duen laukitxoarekin batera, X jartzen duen laukitxoa jarri dute Alemanian. “Lan asko dago egiteko. Umea genitalen arabera izendatzen duzu, baina genitalek ez dute ezer ere esan nahi. Ez gara inor zein sexutakoa den esateko”.