Industrialdeko langileak eta enpresa txikiak ari dira sinadurak biltzen, eta orain arte 400 baino gehiago lortu dituzte. Tasak behin betiko onar ez daitezen alegazioak aurkeztuko dituzte

Legazpiko Udalak apirilaren 29an jarri zuen martxan paper fabrika zaharreko aparkalekua. Industrialdeko enpresek behin baino gehiagotan adierazi zuten aparkaleku gehiago jartzeko beharra, leku faltagatik, eta arazo horri irtenbidea jartzea zen helburua. Aparkalekuaren gaia, ordea, zeresana ematen ari da Legazpin. Udalak aparkatzeagatik kobratu nahi du, eta industrialdeko langileak ez daude ados.
Joan den asteazkeneko osoko bilkuran, tasak onartu zituzten EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. 06:00etatik 22:00etara, orduko hamar zentimo kobratzea da asmoa, plazako aparkalekuan bezala. Behin-behinean onartuta geratu ziren tasak. Orain, hogei eguneko epea ireki dute alegazioak aurkezteko.
Industriaguneko langile batzuk ez daude ados paper fabrikako aparkalekuan aparkatzeagatik kobratzearekin. «Aparkalekua langileok erabiltzen dugu, eta ez gaude ados lanera etortzeagatik ordaindu beharrarekin», adierazi du Patxi Agirre kamioilariak. «Leku faltaren arazoa enpresena da; langileok ordaindu behar izatea ez da zentzuzkoa, ezta bidezkoa ere». Leku faltaren arazoa enpresek edo udalak ordaindu beharko luketela uste du Agirrek, eta ez langileek.
«Leku faltaren arazoa enpresena da;
langileok ordaindu behar izatea ez da bidezkoa»
Patxi Agirre (garraiolaria)
«Plazan aparkatzea ordaintzen bada,
industriagunean zergatik ez?»
Koldobike Olabide (Legazpiko alkatea)
Aparkalekua doakoa izan dadin, industriaguneko langileen artean sinadurak biltzen ari dira. Orain arte 400 baino gehiago lortu dituzte, eta jasotzen jarraitzeko asmoa dute. Hurrengo osoko bilkura baino lehenago, udaletxean aurkeztuko dituzte. Horrez gain, alegazioak aurkeztuko dizkiete behin-behinean onartutako tasei, eta osoko bilkurara joango dira, beren iritzia agertzera.
Alokairua, 1.666 eurokoa

Koldobike Olabide Legazpiko alkatearen hitzetan, aparkalekuko tasen onarpen prozesua oraindik ez dago itxita, eta udalak hogei eguneko epe horretan aurkezten diren alegazioak aztertuko ditu. Dena den, aparka- tzeagatik kobratzearen alde agertu da: «Plazako aparkalekuan aparkatzeagatik ere ordaintzen da, eta hor aparkatzen duten asko ere langileak dira; hortaz, industriagunean zergatik ez?», adierazi du.
Udalak 30.000 euro inguru gastatu ditu aparkalekua egokitzen, eta 5.500 euro makina jartzen. Horrez gain, Lenburren lursaila denez, hilero 1.666 euro (BEZ-a kontuan hartu gabe) ordaindu beharko dizkio udalak Lenburri, alokairuagatik. 2019ko abenduaren 31 arteko alokairu kontratua sinatu dute. EH Bilduren ustez, gehiegizkoa da alokairuagatik ordaindu beharrekoa.