Larunbat eta igande honetan Europako historiaurreko 26. arku eta bultzagailu tiro txapelketako proba bat jokatuko da San Adrian-Leizarrate igarobidean. Mota honetako txapelketak Europa osoan egiten dira, baina Gipuzkoan bi bakarrik antolatzen dituzte: ...

Larunbat eta igande honetan Europako historiaurreko 26. arku eta bultzagailu tiro txapelketako proba bat jokatuko da San Adrian-Leizarrate igarobidean. Mota honetako txapelketak Europa osoan egiten dira, baina Gipuzkoan bi bakarrik antolatzen dituzte: Zegamakoa eta Errenteriako Aitzbitarte kobakoa.
Helburua historiaurrean erabiltzen ziren bi ehiza tresnen erabilera zabaltzea da. Txapelketa honek izaera parte hartzaile eta ludikoa du. Beraz, nahi duten guztiek parte har dezakete.
Zegamako proba Aranzadi zientzia elkarteak, Aitzbitarteko Lagunak elkarteak eta Ekainberri fundazioak antolatu dute, Zegamako Udalaren, Aldundiaren Turismo sailaren, Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioaren eta partzuergoaren laguntzarekin.

Parte hartu nahi dutenek larunbatean eman behar dute izena Anduetza parketxean: 11:00etatik 13:00etara. Bertan, San Adriango aztarnategiaren berri emango dute. 13:30ean Zegamako jatetxe batean bazkalduko dute eta 16:00etan San Adriango lan arkeologikoen aurkezpen laburra egingo dute, han bertan. 16:00etatik 19:00etara bultzagailu lehiaketa egingo dute. Anduetzan, 18:00etatik 20:00etara historiaurreko tailerrak egongo dira eta 20:00etatik 21:00etara bultzagailuzko tiro erakustaldia. 21:30ean afaria egingo dute herriko elkarte batean.
Igandeari dagokionez, 10:00etatik 13:00etara arku tiro txapelketa egingo dute San Adrianen. 13:30ean Zegamako ostatuan bazkalduko dute eta 16:00etan sariak banatuko dituzte Anduetza parketxean.