Agur Secundino Esnaola kaleko 4aren eta 10aren arteko trafiko arazoei
Zumarragako Udalak Secundino Esnaola kaleko trafiko arazoekin bukatzeko asmoa du. Horretarako, 4 eta 10 zenbakien artean dauden aparkalekuak kenduko ditu eta espaloia eta errepidea zabalduko ditu. Proiektuari astearteko osoko bilkuran
Zumarragako Udalak Secundino Esnaola kaleko trafiko arazoekin bukatzeko asmoa du. Horretarako, 4 eta 10 zenbakien artean dauden aparkalekuak kenduko ditu eta espaloia eta errepidea zabalduko ditu. Proiektuari astearteko osoko bilkuran eman zioten hasierako onespena.
Mikel Serrano alkateak Secundino Esnaola kalean hainbat lan egingo direla esan zuen. «Secundino Esnaola kaleko 4tik 10era doan tartea da herrian trafiko arazo gehien ematen dituena. 10-12 aparkaleku kenduko dira eta espaloia metro bat zabalduko da. Merkatarientzat mesedegarria izango da, beraien dendetara sartzea erosoagoa izango baita».
Horretaz gain, lurrazpiko edukiontziak jarriko dituzte eta Legazpi eta Secundino Esnaola kaleetako bidegurutzean hobekuntzak egingo dira. Besteak beste, zebrabidea altxatuko dute. Gainera, Secundino Esnaola kaleko 2an eta 10ean irisgarritasuna hobetuko da. Obra osoaren aurrekontua 227.000 eurokoa da eta udalak 20.000 euro pasatxoko diru-laguntza jasoko du merkataritza sustatzeagatik.
Osoko bilkuran herri bideen inbentarioa ere onartu zen. Aurreko inbentarioa 1903koa zen. Berriaren arabera, Zumarragan 57 herri bide daude. Horietatik 30 porlanezkoak dira.
Udalaren eta Goierriko Hedabideak enpresaren arteko hitzarmenari ere onespena eman zitzaion. Lau urteko iraupena izango du. Hitzarmen honen arabera, 18 urte betetzean udalarekin harremana euskaraz edukitzea eskatzen duten gazte guztiek Hitza eta GoiBerri doan jasoko dituzte urtebetez.
Argixao estadioko zerbitzuen kontratazio-orriak ere onartu zituzten. Atezaintze, garbiketa, zainketa eta mantenu zerbitzuen truke, udalak 85.000 euro ordainduko ditu urtero. Estadioa asteko zazpi egunetan zabalik egongo da.
Bukatzeko, udalak Uggasarekin turismoa kudeatzeko duen hitzarmena berretsi zuen. 78.000 euro pasatxo emango dizkio turismoa bultzatzeko. Gainera, Goierri garaiko turismo bulegoak Antioko interpretazio zentroan jarraituko du. Uggasak 233 euroko alokairua ordainduko dio udalari bulegoa erabiltzeagatik.