«Egungo gazteek sexua guk bizi genuen moduan bizi dute»
Olatz Soraluzek (Zumarraga, 1972) antzezlan laburren Antzezmotz lehiaketako finalean parte hartuko du etzi, 22:30ean, Urretxun. Sexuari buruzko oso lan ausarta prestatu du. Nolatan antzerki zalea? Betidanik gustatzen zait antzerkia. Umetatik.
Olatz Soraluzek (Zumarraga, 1972) antzezlan laburren Antzezmotz lehiaketako finalean parte hartuko du etzi, 22:30ean, Urretxun. Sexuari buruzko oso lan ausarta prestatu du.
Nolatan antzerki zalea?
Betidanik gustatzen zait antzerkia. Umetatik. Izan ere, nire ama ere antzerki zalea da. Baina bere garaiko emakumeek, baserritarra da gainera, zailtasun asko zituzten halako zaletasunak garatzeko. Umetan bere arropa eta zapatak jartzea eta antzeztea gustatzen zitzaidala esan dit beti. Berak barre egiten zuen, umetan horixe bera egiten baitzuen. Miren Kerejeta du izena eta bertsotan ere egin izan du. Oletako erromerian berak abesten zuen. Bertso asko dakizki eta nire semeari abesten dizkio.
Nola garatu zenuen zure antzerki zaletasuna?
Euskaltegian Estitxu Zaldua ezagutu nuen eta Urretxu eta Zumarragako Karmakros antzerki taldeko kidea zela esan zidan. Nik ere probatzea erabaki nuen. Ordura arte, eskolan bakarrik egin nuen antzerkia. Beti antzerkia egiteko prest nengoen.
Karmakrosen jarraitzen al duzu?
Dagoeneko ezin naiz entseguetara joan. Baina herritarren batek kolaborazio bat eskatzen didanean, laguntzen saiatzen naiz. Hala, Edu Elias eta Ines Benitezen Kon-Fusion taldearekin lan egin dut eta Itziar Albisuaren pintura erakusketen inaugurazioetan lantxoak egin ditut.
Ez zenuen antzerkia ikasi. Pena ematen al dizu?
Ez, ez baititut aktore profesionala izateko dohainak. Izan ere, eztarrian nodulu bat dut eta kontuz ibili beharra dut. Karmakros utzi nuenean hobera egin zuela nabaritu nuen. Gainera, abesten oso txarra naiz. Eta haurrentzako antzerkia egiteko, adibidez, abestea oso garrantzitsua da.
Askotan antzezten al duzu etxean, zure semearentzat?
Antzezmotzeko azken kanporaketara eraman nuen! Nirera ez nuen eraman, istorio gogor samarra baita ume batentzat. Ipuinak irakurtzeko orduan beti antzezteko joera eduki dut eta berak ere hala irakurtzen du. Oraingoz ondo irakurtzen ikastera mugatzeko esaten diot. Asko antzeztu dut berarentzat, noski. Karmakros utzi nuenetik, norentzat antzeztuko dut bada?
Nolatan animatu zara Antzezmotzen parte hartzera?
Ideia hori aspalditik nuen buruan eta Antzezmotz lehiaketa antolatu zutela ikusi nuenean, ideia garatzea erabaki nuen. Olatz Beiztegiren laguntzarekin egin dut.
Oso lan ausarta da.
Ezkondu aurreko agur-afari batera sexu jostailuak ekarri zituen neska bat etorri zen. Jostailu maleta horietako bat eskatu eta gazteentzat antzezlan bat egitea ondo legokeela pentsatu nuen. Izan ere, gure garaian birjintasuna derrigor mutil batek kendu behar zizula zirudien. Ez al da hobea izango makina batekin egitea? Makina zuk zeuk kontrolatzen duzu eta nahi duzuna egiten duzu. Hori da antzezlanaren mezua. Halako gauzak beti txerrikeria bat bezala ikusi dira eta nire amari erakutsi nizkionean aztoratu egin zen, baina oso bide ona dela iruditzen zait. Nire ustez, hobe da lehenengo aparatoekin ikastea eta gero beste pertsona batekin aritzea.
Egungo gazteen artean ere oraindik sexuaz hitz egiteko garaian naturaltasuna falta dela uste al duzu?
Bai. Nire ustez, egungo gazteek sexua guk bizi genuen moduan bizi dute, gutxi gorabehera. Beraiek ere motz samarrak dira eta ezjakintasuna nagusi da.
Antzezlan hori norberaren herrian antzezteko adorea behar da.
Bai. Hori da gehien kosta zitzaidana. Gainera, Argazkia elkartekoek argazkiak ateratzen dituzte eta ondoren Facebook-en jartzen dituzte. Baina oso istorio ona iruditu zitzaidanez eta mezu hori zabaltzeko beharra ikusi nuenez, ondorioei aurre egitea erabaki nuen.
Zer esan zizun jendeak kanporaketaren ondoren?
Ikusle askok ez zekiten euskaraz eta ez dakit mezua ulertu zuten. Dena den, ez zait asko inporta. Ikusleak aztoratzearekin konformatzen naiz. Izan ere, oso modernoak garela uste dugu, baina gauza asko ez ditugu gainditu oraindik. Denek nire adorea txalotu zuten. Ama ere ikusleen artean egon zen, nire jarraitzaile sutsuena baita.
Larunbatean berriro antzeztuko duzu lan hori, finalean.
Ilusio handia egiten dit, ez lehiaketa irabazteak, baizik eta lana berriro antzezteko aukera edukitzeak. Jendeari gustatzen bazaio, hobeto.
Beste nonbaiten antzeztuko al duzu?
Gustatuko litzaidake. Bestalde, ipuin kontaketa ikastaroren bat egin nahi dut. Izan ere, haurrentzat lan egitea aparta da.