2017rako aurrekontua azkarrago egiteko lan mahaia osatuko da uda ondoren
Ordiziako udal gobernuak, agerraldia egin du gaur 2016ko aurrekontuaren aurkezpena egiteko. Bertan izan dira Ordiziako alkatea Jose Miguel Santamaria, Jose Ignacio Iturrioz Ogasun zinegotzia eta Iñaki Dubreuil PSE-EEko ordezkaria. Apirilean aurkeztu zen lehenengoz aurrekontua Osoko Bilkuran. Momentu hartan ez zuen aldeko bozka nahikorik izan eta ezin izan ziren aurrera atera. Negoziazio aste eta hainbat aldaketaren ostean maiatzaren 26an egindako Osoko Bilkuran onartu zen aurrekontua. Alderdi politiko guztiak pozik agertu ziren momentu hartan Ordiziak bazuelako aurrekontua. Gaur egindako agerraldian 2017ko aurrekontua egiteko prozesua azkarrago izan dadin, honen lanketa ere lehenago hasiko dutela azpimarratubdute. Uda ondoren hurrengo ekitaldiko aurrekontua aztertuko duen lan mahaia sustatuko dela aurreratu dute udal arduradunek.
14.763.398 euroko da aurtengo aurrekontua, San Jose egoitza, Majori kiroldegia, Herri antzokia eta Ordizia Lantzen erakunde autonomoei egiten zaien ekarpena eta inbertsioetarako zuzentzen diren 457.270 euroak kontuan hartuta. Gaur egindako agerraldian Jose Miguel Santamariak aurrekontu orekatua, parte-hartzailea, partekatua eta berritzailea dela adierazi du. Helburuak arduraz jokatzea eta Ordizia hobetzea direla gehitu du. Lehen momentutik alderdi guztiei proposamen ireki bat eskaini zitzaiela esan du Santamariak eta aurrekontua lehenago onartzea bazegoela.
Aurrekontu parte-hartzailea dela esaten duenean, partaidetza prozesua ekarri du gogora alkateak. Mahaietara 186 pertsona gerturatu zirela esan du eta Ordizia hobetzeko ia 300 ideia jaso zirela eta ia 80k eragin zuzena izan omen dute udaleko aurrekontuan edo ekintza planetan aurten.
Aurrekontu partekatua dela gehitu du Santamariak, oposizioko bi alderdi politikoen proposamenak jasotzen dituelako, EH Bildu eta Ordizia Orain herri kandidaturarena. Gastu arruntean, etxebizitzen alokairu sozialaren programako partidan 23.000 euro gehitu dira, etxebizitzak berritzeko laguntzetan 10.000 euro, 3.000 euro Gure Esku Dago ekimenerako dira, 6.000 etxebizitza desjabetuei laguntzeko eta 4.000 euro gehiago bideratu dira bake eta bizikidetzarako ekintzetarako. Horiek dira aurrekontuan egin diren aldaketak Santamariaren hitzetan.
Aurrekontu berritzailea dela ere esan du. Izan ere, mendekotasunari aurre egiteko plan berri bat, bake eta bizikidetzarako plan bat, Gizarte Ongizatearen inguruko plan estrategikoa eta enplegua sustatzeko plan bat barneratzen dituelako.
Inbertsioei dagokienez 457.270 euro dira guztira eta bi zatitan banatzen dira. Batetik ekitaldiko aurrekontuan doazenak doaz. Udal gobernuak apirileko Osoko Bilkurarako eraman zuen proposamenarekin funtsean aldaketarik ez dagoela esan du. Bestalde, maiatzeko bilkuran kreditua gehitzeko onartutako espediente baten bidez 2015eko soberakina parte batekin, 647.000 eurorekin, hainbat proiektu finantzatuko ditu Udalak. Zatirik garrantzitsuena, 133.722 euro, atez ateko sistemaren aldaketarako izango dela esan du.