Aurretiazko botoa ematen, Legazpin.
Goierriko 23 herritan 58.066 lagunek izango dute igandean botoa emateko aukera. Gure Esku Dagok antolatutako galdeketa Gipuzkoako eta Bizkaiko 34 herritan egingo dute guztira, eta denera 125.332 dira botoa ematera deitutako herritarrak. ‘Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?’ galderari erantzun beharko diote. Hautestokiak 09:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik, eta gaueko 21:00etatik aurrera jakinaraziko dituzte emaitzak.
Gure Esku Dago herri ekimena da, eta ez dute finantziazio publikorik izan igandeko galdeketa antolatzerako garaian. Guztira 60.000 euroko aurrekontua dute, kamiseten salmentatik eta herritarren ekarpenetatik finantziatuta. Galdeketarako erabiliko dituzten lokal guztiak pribatuak dira, eta jabeekin egindako kontratu bidez hitzartu dituzte denak. Galdeketaren egunean, 141 lagun ariko dira mahaietan boluntario lanean. Kontsulta berme osoz egin dadin, 80 laguneko jarraipen batzorde bat ere osatu dute, eta baita legelariz eta aholkulariz osatutako berme batzorde bat ere.