LAB sindikatukoen protestak bat egin du Arcelor Mittaleko langileen elkarretaratzearekin. Argazkia: Gotzon Aranburu
LAB sindikatua egiten ari den ‘borroka astearen’ barruan, Goierri osoa zeharkatuko duen kotze-karabana egiten ari dira gaur. Goizean Legazpiko industrialdetik abiatu eta Zumarragako Arcelor-Mittalen geldialdia egin dute, langileen elkarretaratzearekin bat eginez. Handik Olaberriko merkatalgunera joan dira, eta Carrefour-en parean egin dute protesta. Beasain, Ordizia, Itsasondo eta Legorretatik barrena, Tolosaldera joango dira gero, protesta Adunako Unipapel enpresaren parean bukatzeko.
LAB sindikatuak azaldu duenez, «laster 10 urte beteko dira krisiaren aterkipean murrizketa eta austeritate politikak inposatzen» hasi zirenetik. Harrezkero, «ongizate estatuaren zimentuak pitzatu» egin direla uste dute. Horregatik, «emergentzia egoera honek kalean egotea» eskatzen duela deritzote.