50 urte Legazpi eta Gabiria artean
Aizalekuko gurutzeak 50 urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko festa egin zuten igandean. Mendi hori Legazpi eta Gabiriarena da, eta bi herrietako bizilagunek elkarrekin ospatu zuten festa.
Aizaleku mendiko gurutzeak 50 urte bete zituen igandean. Mendi hori Legazpi eta Gabiriako lurretan dago eta, beraz, bi herrietako bizilagunek elkarrekin ospatu zuten urteurrena.
Legazpiarrak eta gabiriarrak Aztirian elkartu ziren eta elkarrekin joan ziren Aizalekura. Han, meza egin zuten. Ondoren, bi herrietako bertsolariek eta dantzariek bertso eta dantza saioa eskaini zuten. Bukatzeko, luntxa egin zuten. Festan parte hartu zuenetako bat Pedro Gabiria legazpiarra da. «Oso ondo pasatu genuen. Oso giro ona egon zen».
Duela 50 urteko bertsoak
Gabiriak duela 50 urteko inaugurazio festan ere parte hartu zuen. Ez da bi festetan parte hartu duen bakarra. «Zabaleta baserriko Juan Zabaletak ere bi festetan parte hartu du. Igandean, 86 urterekin, Aizalekura igo zen. Berarekin hitz egin nuen eta… Iñaki Azarola bertsolariak duela 50 urte botatako bertso bat gogoratzen zuela esan zidan! Hala dio bertsoak: Lehen Korostin gurutze bat genuen, eta orain Aizalekun berria, bien artean zain dezatela, Legazpiko herria».
Gabiriak Aizalekuko gurutzea oso maitea du. Izan ere, bera izan zen gurutze hori egin zuenetako bat. Gurutzea egin aurretik, Gabiriako nobizioek egindako kono formako dorre bat egon zen bertan. Harriekin egin zuten, hormigoia erabili gabe, eta pasiotarrak Eubara joan zirenean dorrea erori egin zen.
Hori ikusirik, Gabiriak Angel Belda bere lagunari gurutze bat egitea proposatu zion. Biek galdaragintzan lan egiten zuten, Patrizio Etxeberriaren enpresan, eta beraien nagusiari lantegian gurutze bat egiteko baimena eskatu zioten. Jose Iñurritegiren eta Jose Antonio Aizpeolearen laguntzarekin egin zuten gurutzea.
Harriak eramateko eta gaina txukuntzeko orduan, berriz, beste legazpiar askoren laguntza jaso zuten: Juan Jose Deba, Antonio Azurmendi, Juan Mari Azurmendi, Segundo Santesteban, Baldomero Urmeneta… Legorburu baserriko Ramona Arriolak prestatzen zuen janariari esker, indarrak berritzen zituzten.
Inaugurazio egunean meza egin zuten eta ondoren Iñaki Azarola eta Bittor Agirre bertsolariek abestu zuten. Ondoren, Aztiriara jaitsi ziren. Bertan, Itxaropena taldeko dantzarien saioa egon zen.
Ordutik dagoeneko 50 urte igaro dira eta Aizalekuko gurutzea lehen egunean bezain eder ageri da. Bi milimetroko lodiera du, herdoilezina da eta molibdenoari esker dirdira egiten du.













