«Bidasoa klub historikoa da eta maila gorenean egotea dagokio»
Markel Beltzak (Zumarraga, 1990) Bidasoa eskubaloi taldean jokatzen du. Asteburu honetan Estatu espainiarreko maila gorenera, Asobal ligara, igotzea lortu dute. Nola joan ziren ospakizunak? Partida bukatu zenean, Artalekutik udaletxera jaitsi
Markel Beltzak (Zumarraga, 1990) Bidasoa eskubaloi taldean jokatzen du. Asteburu honetan Estatu espainiarreko maila gorenera, Asobal ligara, igotzea lortu dute.
Nola joan ziren ospakizunak?
Partida bukatu zenean, Artalekutik udaletxera jaitsi ginen kalejiran, txaranga batekin eta herritarrekin. Oso ospakizun herrikoia izan zen. Udaletxean alkatea eta federazioko presidentea zain genituen. Ondoren, udaletxetik jaitsi ginen eta Irun osoarekin ospatu genuen. Parranda ederra egin genuen.
Nola joan zen igoera faseko finala?
Oso partida gogorra izan zen, tentsio handikoa. Zaletuen jarrera txapela kentzekoa izan zen. Ikusgarria. Egia esan, aste bu-
kaera gogorra izan da. Izan ere, urte osoko lana jokoan zegoen eta detaile txiki bategatik igoerarik gabe gelditu gintezkeen.
Minutu asko jokatu al zenituen?
Defentsan dena jokatzen dut. Nire lana egurra ematea da. Igoera faseko bi partidetan gol gutxi sartu dizkigute eta horrek defentsan lan ona egin dugula esan nahi du.
Zer sentitu zenuen finala bukatu zenean?
Partida ia osoa tentsio handiarekin bizi izan genuen. Azken hiru minutuetan hautsi zen. Eginda zegoela ikusi genuenean, estasia heldu zen. Saltoka hasi ginen, besarkatu egin ginen…
Zeintzuk dira zure asmoak datorren urterako?
Denboraldi baterako fitxatu nuen eta orain kontratua berritzeaz hitz egin behar dugu. Zuzendaritzak Bidasoan jarraitzea nahi du, baina helburua lortu arte ez nuela nire kontratuaz hitz egin nahi esan nien. Bidasoan jarraitzeko asmoa dut.
Izan ere, zure talde kuttuna da.
14 urterekin Urola utzi eta Irunera etorri nintzen. Lau denboraldi eman nituen bertan. Ondoren, zortzi urte eman nituen kanpoan eta etxera itzultzeko gogoa nuen. Nire etxea Bidasoa da. Aurreko hiru denboraldiak Asobal ligan jokatu nituen eta Bidasoa liga horretara igotzeko asmoarekin etorri nintzen. Igoera horren partaide izan nahi nuen. Oso harro nago lortu dugunaz. Bidasoa klub historikoa da, klub berezia, eta maila gorenean egotea dagokio. Iaz Arandarekin Asobal ligan jokatu nuen eta Bidasoa bigarren mailan ikustea mingarria zen. Izan ere, Bidasoa oso garrantzitsua izan da Euskal Herriarentzat.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Zuzendaritzako kideek gogor lan egin beharko dute uda honetan. Klubak lehen mailara igotzeko beharra zuen eta gure helburua maila horri eustea izango da. Herrian eskubaloi gosea dago eta gose horri eusten badiogu ziur urte asko emango ditugula Asobal ligan.