Ekainaren 20an errefuxiatuentzat diru-bilketa
Ekainaren 20an Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta, hilabete honetan hainbat ekitaldi antolatu dira. Atzo egin zen horietako lehenengoa Ordiziako Barrena Kultur etxean.
Behija Oruc-ek eman zion hasiera hitzaldiari bere alabaren laguntzarekin. Orain dela 24 urte etorri zen Behija Ordiziara Balkanetako gerratik ihesi. bere familiaren testigantza gogorra eman zuten bien artean.
Javier Canivell CEAR-Euskadiko abokatuak jarraitu zien. Egun eta azken urteetan Europan errefuxiatu izaera lortzea zein zaila den ezagutzera eman zuen abokatuak. Siriako krisia dela eta Europan momentu honetan ematen ari diren politiken inguruan ere aritu zen.
Hotz Legazpi taldeko Jone Beitialarrangoitia eta Lourdes Zubeldia ere izan ziren. SOS Siria Urretxu-Zumarraga taldearekin kolaboratzen ari dira eta Ekainaren 20an Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta diru-bilketa bat egingo da Barrena Kultur Etxearen ateetan 18:00etan. Gogoratu zuten, Ordiziako Zuhaizti jubilatu elkartean, osasun zentroan eta Caja Rural banketxean ere diru bilketa egingo dela. Bildutakoarekin antibiotikoak eta material medikoa bidaliko dira Siriara.