Niño de Elche eta Anari izango dira Kalegorrian jaialdiko aurtengo izarrak
Igande honetan Kalegorrian jaialdiaren laugarren edizioa hasiko da. Hurrengo hiru asteburuetan kontzertuak egongo dira Urretxuko Santa Barbara aterpetxearen kanpoaldean. Aurtengo jaialdiko izar nagusiak Niño de Elche eta Anari izango dira.
Igande honetan Kalegorrian jaialdiaren laugarren edizioa hasiko da. Hurrengo hiru asteburuetan kontzertuak egongo dira Urretxuko Santa Barbara aterpetxearen kanpoaldean. Aurtengo jaialdiko izar nagusiak Niño de Elche eta Anari izango dira.
Igandean, 18:00etatik aurrera, Bengalifere Trio hirukoteak eta Niño de Elchek joko dute. Bengalifere Trio Nafarroa Behereko eta Frantziako hiru musikarik osatzen dute. Julen Achiaryren (Beñat Achiaryren semea) proiektua da. Kalegorrian elkarteko kideen esanetan, «inspirazio tribaleko jazz izpiritual, hipnotiko, aske, dotore eta hunkigarria» jotzen dute.
Niño de Elcheri dagokionez, joera garaikideak jarraitzen dituen flamenko kantaria da. Kantaria baino gehiago, perfomer-a da. Hala, Belen Maya flamenko dantzariarekin batera, umorea, antzerkia eta flamenkoa nahasten dituen Ya! ikuskizuna prestatu du. Gainera, queer teoriekiko interes handia erakutsi du.
Musikari dagokionez, iaz Voces del extremo diskoa argitaratu zuen. Grabazioak kritika oso onak jaso ditu eta iazko disko onenen zerrenda askotan ageri da. Goiko postuetan, gainera.
Jaialdiaren bigarren egunean, hilaren 18an (larunbata), haurrentzako musika tailer bat egongo da eta Zumaiako Big Boy taldeak joko du. Festa 20:00etan hasiko da. Tailerra Peru eta Isuo Sasiiak eta TxikiART ekimenak emango dute.
Big Boy taldeari dagokionez, gitarra errepikakorrak eta haize instrumentuak nahasten ditu modu berezian. Euskaraz abesten dute eta beraien abestien hitzak surrealistak dira. Bestalde, zuzenekoetan bideo irudiak erabiltzen dituzte.
Kalegorrian jaialdiaren antolatzaileen esanetan, kontzertu oso berezia izango da. «Musika, zirkoa, ekialdeko txaranga, letra zoroak, dibertsioa, kantatu eta dantzatzeko gogoa… nahasten dituzte». Kontzertu honen amaieran luntxa egongo da, doan.
Azken kontzertuak
Azken kontzertuak hilaren 25ean izango dira. Egun horretan Urretxu eta Zumarragako Fits taldeak eta Anari azkoitiarrak joko dute.
Fits taldeak rock alternatiboa jotzen du. Pixies, Sonic Youth, Ama Say eta Beti Mugan dira, besteak beste, beraien erreferentziak.
Anariri dagokionez, datorren urtean 20 urte beteko dira lehen diskoa argitaratu zuenetik. Iaz Zure aurrekari penalak diskoa kaleratu zuen. Bere unibertso propioa du eta unibertso horretara publiko zabal eta fidel bat erakarri du.
Kontzertu guztiak doan izango dira. Kalegorrian elkarteko kideek 5 euroko laguntza bonoak salgai jarriko dituzte eta crowfunding-a ere abian dute.