Ampo Saria banatuko dute aurten Ordiziako Klasikan
Ohiko ibilbidera itzultzeko erabakiaz aparte, Ordiziako Klasikak beste berritasun bat izango du aurten. Ampo Saria emango diote (1.500 euro) Abaltzisketako igoeran denbora onena egin –bost aldiz igoko dute– eta iaz Angel Madrazo klasikaren irabazleak jarritako denbora ontzen duen txirrindulariari (6 minutu eta 3 segundo). Saria jaso ahal izateko ezinbestekoa lasterketa arauzko denboraren barruan bukatzea eta sari banaketa ekitaldian egotea.
Uztailaren 25ean jokatuko da Ordiziako 93. Klasika, egun bakarreko Euskal Herriko probarik beteranoena. 165,7 kilometroko ibilbidea izango du, eta zazpi mendate igo beharko dituzte (Abaltzisketa bost aldiz eta Altzo bitan). Lasterketa 10:00etan abiatuko da eta 14:00ak aldera iritsiko da helmugara irabazlea.
Hamazazpi talde
Aurten edizioan 17 talde arituko dira lehian: Movistar Team eta Orica GreenEdge australiarra (World Team); Caja Rural, Androni Giocattoli italiarra, Delko Marselle Provence KTM frantziarra, Funvic Soul Cycles brasildarra, One Pro Cycling britainiarra eta Team Roth suitzarra (Kontinental profesionalak); Euskadi Basque Country Murias, Burgos BH, Boyaca Raza de Campeones eta Manzanas Postobon kolonbiarrak, Massi-Kuwait Cycling Project kuwaitarra, GM Europa Ovini italiarra, Lokosphinx errusiarra, Inteja-MMR Dominican Cycling Team dominikarra eta Dare Gobik serbiarra (UCI Kontinentalak).