Beasaingo elkarteko kideek korrikalariak informatzeko eta parking-ak kudeatzeko ardurak hartuko dituzte
Txolarte asialdi taldeko erabiltzaleak eta kideak, Beasainen duten egoitzan
Beste urte batez, Ehunmilak lasterketako antolakuntzan boluntario-laguntzaile gisa parte hartuko du Beasaingo Txolarte elkarteak. Euren esanetan, nahiz eta lehen aldia ez izan, aurtengo boluntario-esperientzia “berezia” izango da, hain zuzen ere, elkartean parte hartzen duten boluntarioez gain, elkarteko kideak direnek ere lan horretan parte hartuko dutelako.
Ane Mozo Txolarteko koordinatzailearen esanetan, laguntza behar duten pertsonentzako erakunde bateko kide izatetik, “beste ekitaldi batean benetako laguntzaile” izatera igaroko dira. Zehazki esateko Txolarte elkarteko kideak pergoletako frontoian korrikalariei informazioa ematen, eta parking-ak kudeatzen egongo dira.
Goreti Etxeberria Txolarteko guraso-boluntarioaren esanetan, “eskertzekoa” da Ehunmilak-en partetik halako ardurak euren gain uztea, gisa honetan, jendeak adimen urritasuna duten pertsonek edozein eginkizun “normaltasunez egin dezaketela” ikusten duelako. Txolarteko kideak, berriz, “lanerako gogotsu” daudela dio.