Kale pintura lehiaketa, uztailaren 3an
Zumarraga eta Urretxuko kale pintura lehiaketaren 10. edizioa uztailaren 3an egingo dute, Santa Ixabel jaien barne. Lehiaketa honetan nahi duten margolari guztiek parte har dezakete eta nahi beste lan aurkeztu
Zumarraga eta Urretxuko kale pintura lehiaketaren 10. edizioa uztailaren 3an egingo dute, Santa Ixabel jaien barne. Lehiaketa honetan nahi duten margolari guztiek parte har dezakete eta nahi beste lan aurkeztu ahal izango dituzte. Lanak egunean bertan egin beharko dira, Urretxuko eta Zumarragako kaleetan.
Margolanen neurria gehienez 1×0,81 metrokoa izango da, teknika librea izango delarik. Euskarriak Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean zigilatuko dira, 09:00etatik 10:00etara. Euskarriak eta margotzeko beharrezkoak diren gainontzeko tresna guztiak egileek eraman behar dituzte. Lanak Zelai Arizti kultur etxean aurkeztu beharko dira, egunean bertan, 13:00etatik 13:30era. Epaimahaiak hartutako erabakia 14:30ean jakinaraziko da. Ondoren, sari banaketa egingo dute.
Lau sari emango dituzte. Irabazleak 600 euro eta garaikur bat jasoko ditu. Bigarren saria, berriz, 400 eurokoa izango da. Herriko margolari onenak ere saria jasoko du: 250 euro eta garaikur bat emango dizkiote, hain zuzen ere. 16 urtetik beherako margolari onenari, berriz, material artistikoa oparituko diote. Saritutako lanak udalen eskuetara pasako dira eta saririk irabazi ez duten lanak sari banaketa ekitaldiaren ondoren jaso ahal izango dira, 15:00ak bitartean.