Behija Oruc orain dela 24 urte atera zen Bosniatik Ordiziarako bidean, gaur egunera arte. Ez du ulertzen zergatik doan hain motel egungo errefuxiatuen gestioa.

Behija Oruc ezkerrean, aldamenean Benilde del Castillo laguna duela.
Dagoeneko 24 urte pasa dira Balkanetako gerragatik Bosniatik atera zinela. Nola gogoratzen duzu momentu hura?
Garai hartan arma lantegi batean ari nintzen lanean. Nire aitaren laguna zen lankide batek Gorazdetik alde egin behar genuela esan zidan. Gauzak okerrera egiten ari zirela, gerra lehertzear zegoela eta han gelditzea arriskutsua zela ohartarazi zigun.
Eta handik alde egitea erabaki zenuen…
Bai, gizon hark bere etxera eraman gintuen. Etxera heldu ginenean barrikadak jartzen hasita zeuden. Etxea utzi eta mendira egin genuen ihes. Astebete pasa genuen han, manta gutxi batzuk eta soinean geramanarekin, arbola azpian.
Han geundela, sei emakume elkartu ginen haur mordoska batekin eta Caihice alderuntz joan ginen. Bi egun pasa genituen bertan. Bankutatik gure aurrezkiak ateratzen saiatu ginen, baina blokeatuta zegoen guztia. Ez ziguten gure dirua ateratzen utzi eta egoera hartan Montenegrora egin genuen ospa autobusez.
Bidea ez zen erreza izango…
Ez. Edozein momentutan edozer gauza gerta zitekeen. Montenegroko mugara iritsi ginenean autobusa gelditu eta jaistera behartu gintuzten. Emakumeak eta umeak baino ez ginen berriz igo. Gizonak, kontenedore batean sartu eta su eman zioten. Han sartzen zena ez zen irtetzen.
Montenegrora iristea lortu al zenuten?
Bai, bai. Iritsi ginenean Gurutze Gorrikoek garajeak eta etxabeak utzi zizkiguten etxe modura. Han estalpea geneukan behintzat.
Zu zeinekin zeunden?
Nire alabekin, koinatarekin eta ilobarekin. Nire alabek, Leilak, bost urte zituen, eta Eminak, hiru. Handik pasatzen zen jendearentzat oso erakargarriak ziren. Militarrak genituen gure garajetik gertu, eta baita ospitale bat ere. Serbiar zaurituak eramaten zituzten bertara. Ondotik pasatzen zirenean gure umeak fitxatzen zituzten.
Zein intentziorekin?
Umeak lapurtzea zen asmoa, ondoren legez kanpoko adopzioak egiteko. Beraz, handik ere ospa egin genuen, eta Mazedoniako mugara. Han, errefuxiatuentzat bi kanpamentu zeuden. Izenak ez zaizkit ahazten, Ratlanovo eta Lluvanci. Gu bigarrenera joan ginen. Gela batean 12 pertsona geunden eta familia bakoitzeko bi ohe eman zizkiguten. Sei hilabete pasa nituen bertan, ohe berean nire bi alabekin lo egiten.
Nolakoa da bizitza errefuxiatu kanpamentu batean?
Janaria hartzera joatea ere oso gogorra zen. Jatera joaten ginenean, alabek ez bazuten jan nahi, ondoren ez zizuten jateko ezer gehiago ematen. Ordutegiekin oso zorrotzak ziren. Tea, gurin pixka bat eta ogi xerra batzuk baino ez zizkiguten ematen.
Dirua, argazkiak, dokumentazioa… Momentu hartan guztiz beharrezko nituen gauzak koltxoi azpian gorde eta alabak dutxatzera eraman nituen egun batean, bueltatzerakoan, nire gauza pertsonal guztiak falta ziren. Mazedoniatik ezin atera utzi ninduten. Eta okerragoa zena, nola demostratu nire alabak, nireak zirela?
Zer egin zenuen momentu hartan?
Nire aitaren lagunak ziren bi neskekin egin nuen topo. Lekuko bezala nirekin etortzeko prest zeuden, nire alabak zirela demostratu ahal izateko. Gaur egun Danimarkan bizi dira eta harremana dugu.
Lapurtutakoa berreskuratu al zenuen?
Ezer ere ez. Alabei erakusteko aitaren argazki bakar bat ere ez zidaten utzi. Sei urte behar izan nituen ondoren nire senar hilaren argazki bat eskuratzeko.
Dirua lortzeko, mezkita baten atean jarri nintzen diru eske. Lortutakoarekin, argazkiak atera eta emakume talde batekin, taldeko pasaportea atera genuen. Orduan ireki zen nire familiarentzat aukera. Skopije aireportura eraman gintuzten.
“Siriako irudiak ikusten ditudanean
telebista itzali behar izaten dut”
Behija Oruc (errefuxiatu bosniarra)
Nora joateko?
Momentu hartan ez genekien, ez ziguten informaziorik eman. Aireportuan geundela, bakoitzari pegatina bat jarri ziguten sorbaldan: Legazpi, Mundaka… Nirean Ordizia jartzen zuen.
Hegazkin erraldoi batean sartu gintuzten guztiak. Hegan egiten genuen lehenengo aldia zen.
Non lurreratu zineten?
Gasteizen, eta handik zuzene-nean Ordiziara ekarri gintuzten. Goizeko 01:00a zen iritsi ginenean. Ez genekien beste errefuxiatu kanpamendu bat ote zen edo zer demontre.
Inork ez al zizuen ezer argitzen?
Ulertzeko arazoak genituen, baina janaria, jendea laguntzeko prest zegoela… ikusi genuenean, segituan konturatu ginen han ondo egongo ginela eta halaxe izan zen.
Lantegi batean sartu gintuzten. Bertan oheak, sukaldea, janaria, beharrezko guztia geneukan. Sekula ez zitzaigun ezer falta izan. Herriko emakumeak etortzen ziren guri sukaldean eta bestelako gauzekin laguntzera. Oso ondo zaindu gintuzten. Garai hartako lagunak mantentzen ditut, uste dut horrekin guztia esaten dizudala. Benilde bera aspaldiko laguna dut. Alaba eskolara eramaten nuenean Benilderen alaba korrika batean etortzen zen nire alabekin jolastera. Txikiaren jokaera hura barruraino heldu zitzaidan eta egun lagun min kotsideratzen dudana ezagutzeko aukera eman zidan.
Hizkuntzaren aldetik zer?
Gaztelera ikasteko eskolara joaten hasi nintzen. Gelan italiera zekien jendea zegoen. Hauei niri baino errezago egiten zitzaien klaseak jarraitzea eta barre egiten zidaten. Hori dela eta, kla-seak utzi nituen. Ez nengoen inork niri horrela barre egiteko prest. Alabekin parkera joaten hasi nintzen. Han, bertako beste ama batzuekin elkartzen nintzen. Nahiz eta hizkuntza ez ezagutu, eurengana gerturatzen nintzen. Asko lagundu zidaten, zerbait gaizki esaten nuenean zuzendu… Horrela ikasi nuen gaztelera, kalean, lagunekin.
Zein da egungo errefuxiatuen aurrean duzun iritzia?
Gauzak oso motel egiten ari direla uste dut. Ordizian, esaterako, bi etxebizitza daude prest urritik errefuxiatuak jasotzeko. Zergatik ez daude beteta? Zergatik ez da inor iritsi oraindik?
Telebista itzaltzen dut, ihes egiten uzten ez dieten hesiak ikusten ditudanean batez ere. Orain dela 24 urte bizitakoa ekartzen dit burura, eta zauriak itxita dauden arren, min egiten du oraindik.
EKITALDIAK
- Ekainak 14. Mikel Aramendi kazetariak Siriak gerra zibila: Heriotzari nola ihes egin hitzaldia egingo du Barrena kultur etxean, 18:00etan.
- Ekainak 20. Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izanik eta siriarrekin bat eginez, Hotz Legazpi eta SOS Siria Urretxu-Zumarragak Ordiziako Barrena kultur etxeko ateetan diru-bilketa egingo dute.